Etorkinak: gero eta kasu gehiago Cimade elkartearendako

Azken hilabeteetan, gero eta kasu gehiago aztertu ditu etorkinen eskubideen alde diharduen Cimade elkarteak. Bide batez, gobernu frantsesaren jarrera errepresiboa salatu du abenduaren 4an.

Xan Idiart|2017/12/07 11:00|0 iruzkin
Med_bilan_cimade_festival_baiona_imiquelestorena03
Hendaiakoarenaz gain, bi permanentzia ditu Cimadek Baionan. © Isabelle Miquelestorena

Hendaian permanentzia zentro berri bat ideki duenetik 2017ko irailean, 280 kasu berri aztertu ditu etorkinen eskubideen alde diharduen Cimade elkarteak. Abenduaren 4an jakinarazi duenez, horietako %25a, Ipar Afrikatik heldu diren etorkinei lotua zaie.

Hain zuzen ere, France bleue irratiari Cimadeko lehendakaria den Alec Cadik erran dioenez,, "Espainia eta Frantziaren arteko pasabide bat da Euskal Herria" marokoar askorentzat. Ipar Afrikatik jiniko etorkinen %15a osatzen dute haiek.

Beste leku batzuetatik hurbiltzen dira ere etorkinak Euskal Herrira. Hala nola, Latinoamerikatik, ekialde zein mendebaldeko herrialdetatik. Horiek guziak kontutan hartuta, %10ek babes politikoa eskatzen dute.

Oinarrizko eskubideen urraketa

Datu zenbaitzuk emateaz gain, gobernu frantsesaren jarrera errepresiboa salatu nahi izan du Cimadek. Kontrolak areagotu omen ditu Estatu frantsesak bere mugetan. Aurpegiari loturikoak ere gero eta gehiago egiten dituela asaldatu da elkartea.

"Horrela jokatuz, oinarrizko giza eskubideak urratzen ditu" aldarrikatu du Alec Cadik. Estatu frantsesak mehatxu terrorista estakurutzat hartu duela etorkinen kontra joateko aitzinatu du Cimadek. Hori guzia berriz salatuko du seguraski datorren abenduaren 18an, etorkinen nazioarteko eguna izanen delarik.