Sorzabal: euroaginduei buruzko erabakia urtarrilaren 17an

Urtarrilaren 17an jakinen du Iratxe Sorzabalek justizia frantsesak bere kontrako hiru euroaginduak onartzen dituen edo ez. Euskal presoari aplikaturiko Istanbulgo protokoloaren arabera, "probabilitate handia" badago 2001ean Guardia Zibilak tratu txarrak egin zizkiola, eta Iratxe Sorzabalen deklarazioak torturapean egin zirela.

Kazeta|2017/12/06 17:27
Iratxe_sorzabal
Baigorrin atxilotu zuten Iratxe Sorzabal 2015ean. (Jon URBE)

Parisko Instrukzio ganbarako dei auzitegian iragan da abenduaren 6 honetan Iratxe Sorzabalen kontrako hiru euroaginduen azterketa. Horiek onartzen zituzten edo ez erabaki behar zuten epaileek. Azkenean, deliberoa urtarrilaren 17ra gibelatu dute.

"Probabilitate handia" badagoela Iratxe Sorzabal 2001ean torturatu izan zela frogatzeko dio mediku batek. Istanbulgo protokoloaren karietara azterketa psikologiko bat egin dio mediku horrek euskal presoari. Horregatik, hori ondorioztatu du. Nabarmentzekoa da lehen aldia dela frantses justiziak Istanbulgo protokoloari aipu egiten diola euskal preso baten kasuan.

“Biktima bat naiz”

Euskal presoaren abokatua den Xantiana Cachenauten arabera, protokolo horrek hiru aspektu segur frogatzen ditu. Nazioarteko jurisprudentziak justifikatuko luke euroaginduak ez onartzea. Estatu espainiarrak euroaginduak bidali ditu Iratxe Sorzabal torturatu zuen kasuentzat, eta euskal presoaren deklarazioak torturapean egin zirela segurtatuko lukete medikuaren erranek.

"Duela 16 urteko gertakariak direla eta, biktima bat naiz baina ez naiz horrela kontsideratua" azaldu du Iratxe Sorzabalek auzitegian. "Frantses justiziak zerbait erran behar du. Horretarako kuraia behar du".

Bere aldetik, abokatu orokorrak ez du bere jarrera zehaztu euroaginduekiko. Horrez gain, informazio gehiago eskatzen ditu torturari buruz, baita lehendabiziko txostena ere.