Bakea eraikitzen laguntzeko idatziak

Luhusoko gertakizunek ideki zuten agertoki berriaz hitz egin du Elkarrek argitaratutako azken liburuak: Bakelumak. Horretarako, Euskal Herriko bakearen aldeko lumak direnak beren testigantza eskaini dute analisia, kontakizun, elkarrizketa, olerki zein marrazkien bidez. Obraren etekinak Bake Bideari bideratu eta abenduaren 9ko manifestazioa finantzatzeko erabiliko dituzte.

Iurre BIDEGAIN|2017/12/06 15:50

"Bakea denen artean eraikitzen da, jendarte osoko sektore guztien artean", dio Peio Etcheverry Ainchartek, Elkarteko editoreak. Pentsamendu horrek gidatuta, idazle talde batek bake prozesuari bere ekarpena egitea erabaki zuen. Horretarako, idazle, marrazkilari zein herritar batzuen lekukotasunak bildu dituzte "Bakelumak" deituriko obran.

Luhusoko gertakarien ondotik, musikariek sorturiko ekimena bezala, Ipar Euskal Herriko idazle batzuk mobilizatzea erabaki zuten. "Musikariek amankomunean kantu bat sortu zuten, hautetsiek, ere berean, dinamika martxan eman zuten. Garrantzitsua iruditu zitzaigun idazleen mundua ere dantzan ematea", aipatu du Etcheverry Ainchartek.

Lehen atal batean aspektu historikoa aintzat hartuta, euskal gatazka eta bere konponbideaz hausnartu dute. Iraganetik nondik heldu garen eta nora goazen aurreikusteko. Bigarrenean, ordea, Luhuson hasi eta Baionan apirilaren 8an burutu zen armagabetzeari buruz hitz egin dute. Azken parte hartzaile multzoa etorkizunari begira jarri da.

"Analisia teknikoak daude, Jean Pierre Massias egindakoa bezala. Politikoagoak, Michel Tubianak eskainitakoa, adibidez", Martine Boucher eta Marie Cosme idazleek bere lekukotasuna eskaini dute elkar trukatutako mezuetan. Margolariak ere presente daude: Marco eta Gonzalo Etxeberria, besteak beste. Halaber, lekukotasun pertsonalak ere islatu dituzte, Beatrice Molle Haran kazetaria edo Joseba Sarrionandia idazlearena bezalakoak. "Sarrionandiaren testua ez da neutroa. Arrunt sartzen da gai politikoetan. Bakea eta politikaren arteko lotura egin du. Ulertzen ahal da anitz pertsona berarekin ez ados izatea, baina bere ekarpena da", erantsi du editoreak.

Memento azkarraren ispilu

Elkarrek memento historiko bat bildu nahi izan duen galdegiterakoan, honakoa dio Etcheverry Ainchartek: "Historialari gisa, ezin da erran memento historiko bat dela gibelapenik ukan gabe. Historiak du erranen gaur bizi dugun egoera zinez memento historiko bat den edo ez. Memento biziki azkarra da, goitatzen genuena aspalditik".

Obrak gaur egungo testuinguruan kokapen berezi bat duela uste du. "Lehen aldikoz, ETAko preso bat, hots Mikel Anza, eta erakundeko biktima bat, Rosa Rodero, parez pare daude liburu batean. Biak nolabait euskal gatazkaren biktimak dira. Biak bakearen alde daude eta horren aldeko deialdiarekin bat egin dute", aipatu du.

Bakearen eraikitzeko manera anitz daudela pentsatzen du Etcheverry Ainchartek. "Zatitua izan den jendarte bat ezin da egun batetik bestera konpondu. Hasi behar da gehienetan adierazpen batzuekin ideia batzuk zabaltzeko, bakera deitzeko. Bakearen dei horrek bere bidea egiten du. Sustraitzen da. Gero eta normalizatuagoa agertzen da. Hori guztia laguntzeko, indar guztiak erabili behar dira", nabarmendu du.

10 euro, Bakea Bidearentzat

"Denek irakurtzeko gisan" argitaratutako obra hamar eurotan salgai da. Egileek eta Elkarrek ez dute etekinik jasoko. Irabazi guztiak Bake Bidea mugimendura bideratuko dizkio, abenduaren 9an Parisko manifestazioa finantzatzeko baita ondotik gertatuko dena ere.