Armagabetze zibilaren kontakizuna, berritasunak argitara ekarriz

Aieteko Adierazpenetik Baionan burutu zen desarmera egindako ibilbidearen kontakizuna liburu batean islatu du Enekoitz Esnaolak. Berria, Jakin eta Elkarrek argitaratutako obran eragile anitzen lekukotasunen bidez, berritasun andana islatu ditu kazetariak.

Iurre BIDEGAIN|2017/12/06 15:45|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2017-12-06_a_10
Enekoitz Esnaola Baionan antolatutako aurkezpenean. ©Isabelle Miquelestorena

Aietetik Baionara. 2011ko urriaren 17tik 2017ko apirilaren 8ra. Ibilbide horretan bake prozesuak egin dituen urratsak azaldu ditu Enekoitz Esnaola Berriako kazetariak. Horretarako, eragile anitzen lekukotasunak bildu ditu. Luhusoko gertakariei ere pasarte sakon bat eskaini die. Horiek baitira, bere erranetan, korapiloa askatzea lagundu zutenak.

Arlo anitzetako eragileen ikuspuntua islatu du Esnaolak. Hogeita hemeretzi lagunekin elkartu da, hain zuzen. Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko presidentea, Mixel Berhocoirigoin eta Txetx Etxeberri bakegileak zein Anaiz Funosas Bake Bideako bozeramaileak Baionan abenduaren 4an antolatutako aurkezpenean parte hartu zuten. Halaber, liburua aurkeztuko dute Durangoko Azokan, abenduaren 6an.

Liburuan, bake prozesuan engaiatu diren ahotsen bizipenak islatzeaz gain, David Pla bezalako euskal presoaren ikuspuntuaren berri eman du. Azken horrek apirilaren 8ko desarmea ahalbidetu zuen prozedura "urduri" bizi izan zuela aitortu dio.

Luhuso, mugarri bat

Aietetik Luhusora eta Luhusotik Baionara egindako bidea aipatu du urteetan zehar garrantzitsuak izan diren saiakerak gogora ekarriz. 2012an ETAk Estatu frantsesari eginiko eskaintza, Lokarriren plana, Eusko Jaurlaritzaren papera… Guztiak gogora ekarri ondoren, Luhusoko operazioaren esanahia azpimarratu du kazetariak. 2016ko abenduaren 16ko gau horretan Errekartea baserrian gertatutakoa tonu bereziarekin kontatu du kazetariak. Informazioa eskaini nahi izan du "arrasto" bat utziz.

"Luhuso mugarria izan zen. Korapiloak askatzen joateko ekintza bat izan zen", aipatu du. Horren ondotik irekitako bideari ere aipu egin dio. "Urtarrilean Gobernu frantsesa konturatu zen desarmeak aurrera egin behar zuela eta batez ere Luhusoko operazioan atxilotu zirenek ez zutela ezer eskatzen horren truke", erantsi du Esnaolak.

Abenduaren 9an Parisen iraganen den manifestazioa baino lehen liburua argitaratzearen garrantziaz hitz egin du kazetariak. "Parisekoa askoren gogoan geratuko da. 10.000 lagun elkartuko dira eta pausuak emateko garrantzitsua izanen da". Haatik, presoen auziari irtenbide bat atzematea "delikatuagoa" iruditzen zaio Esnaolari.