Angeluko Herriko Etxearen euskararen aldeko jarrera sustatu nahi du talde abertzaleak

Hizkuntza politika baten kontra ez badirudi ere, Herrian, euskararen aldeko engaiamendua ez dela gauzatzen deitoratu du Hemen Angeluk abenduaren 4an.

Xan Idiart|2017/12/06 08:20|0 iruzkin
Mms_img-65599520
"Ekintza publikoan" sutsuki sinesten duela dio Hemen Angeluk. © Hemen Angelu

BAM! dinamika, Biarritzeko euskara zerbitzua, edota Baionako Herriko Etxearen euskara plana... Beste lekuetan gauzatzen diren hainbat zerbitzu edo ekintza goraipatu ditu Hemen Angelu talde abertzaleak abenduaren 4an antolaturiko agerraldian. Ipar Euskal Herriko bigarren hiri handienean berriz, esparru pribatutik publikora erakarri nahi du euskararen gaia.

"Hiru urte dira behin baino gehiagotan bildu garela Herriko Etxearekin" jakinarazi du Jon UnazoBizkaik Hemen Angeluko kideak. "Ez dirudi auzapeza hizkuntza politika bat ekiteari sobera hetsia zaionik, baina gauzak ez dira nahi genukeen bezala aitzinatzen".

Hain zuzen ere, angeluarren euskararekiko beharrak aztertzeko xedea aurkeztu zuen Herriko kontseiluak 2017ko apirilaren 12an. Baina geroztik deus ez da egina izan, eta herritarrak lekukotzat hartu nahi izan ditu Hemen Angeluk geldotasun horren berri emateko.

"Hiru urte gelditzen dira"

"Euskarari dagokionez, guk bagenekien angeluarren beharrak zeintzuk ziren" azaldu du Jon UnazoBizkaik. “Geroztik bederatzi hilabete iragan dira deus aurrera eraman gabe, eta Herriko Etxeari ohartarazi nahi diogu hiru urte gelditzen zaizkiola hizkuntza politika bat abiatu nahi badu benetan”.

Horren harira, 2017ko otsailetik goiti euskararen eskumena Euskal Ekargoarena bada ere, herri edo hiri mailako engaiamendua ez dela desagertu behar abisatu du talde abertzaleak. Herriko langileen formakuntzak udalek ahalbidetzen dituztela  gogorarazi du adibidez, baita seinaletika elebiduna ere.  "Agintaldi erditsuan gara” esplikatu du Jon Unazobizkaik "gauza asko egiteko parada badago oraindik".