Infrasoinuak entzunarazi entzuleen beharrak asetuz

"Infrasoinuak" deituriko bederatzigarren diskoa plazaratu du Berri Txarrak taldeak. Hamar kantuz osaturiko ekoizpena aurkeztu du Baionan azaroaren 29an. Euskal Herrian kontzertu bakarra iragarri du 2018rako.

Iurre BIDEGAIN|2017/12/01 08:05|0 iruzkin
Kaz_berri-txarrak_infrasoinuak_elkar_baiona_imiquelestorena03
Berri Txarrak taldeak azken diskoa aurkeztu zuen Baionan azaroaren 29an. ©Isabelle Miquelestorena

"Koloretsua", "kantuak" eta "berehalakotasuna". Horrela definitu dute hitz bakar batekin Galder Izagirre, David Gonzalez eta Gorka Urbizuk beren azken diskoa: "Infrasoinuak". Mementoa bizi eta azkenengo fruituaz gozatzeko unea iritsi dela diote. Emaitza horretaz gozatzeko aukera guti izanen dituzte zaleek Euskal Herrian. Durangoko azokan abenduaren 9an eskainiko duten kontzertuaz gain, ekimen bakarra antolatu dute martxoaren 17rako Barakaldoko BECen. Sarrerak jada salgai daude.

Aste bat pasa da Berri Txarrakek bere bederatzigarren diskoa kaleratu zuenez geroztik. Nahiz eta oraingoz kritika gehienak baikorrak izan diren, ezkorrak ere kontutan hartzen dituztela aitortu du hirukoteak. Hori bai, Izagirrek dioenez, "bakoitzari bere neurrian kasu egitea ikasi dute denborarekin".

20. urtemuga ospatzeko, "Denbora da poligrafo bakarra" azken disko hirukoitzarekin mugarri bat markatu nahi zuen taldeak. Eta lortu zuen, zalantzarik gabe. Bira bukatzear, kamerino batean zeudelarik Bill Stevensonen proposamena jaso zuten. Hots, hurrengo diskoa berarekin grabatzea. "Guk ezin genuen aukera alperrik galdu", aipatu du Urbizuk irribarrea ahoan.

"Infrasoinuak" diskoaren ekoizpena ezberdina izan dela nabarmendu du David Gonzalezek. Azkenengoa aste batez grabatu bazuten, honetarako denbora gehiago hartu dutela azaldu du. "Lan egiteko modua justu alderantzizkoa izan da. Denbora asko hartu dugu abestiak prestatzeko eta ekoizteko", erantsi du.

Bira bukatuta sortzen dituzten kantuak frigo moduko batean gordetzen dituztenez galdegiterakoan, honakoa dio Izagirrrek: "Ez daukagu frigorik, hori da asuntoa. Egiten ditugu hamar eta hamar doaz".

Bederatzigarren disko honetan, berriz ere entzule askoren beharrak asetzea lortu du taldeak. Lotura hori sortzea "musikaren gauza politenetariko bat dela" uste du Urbizu kantariak. "Askotan zuk zerbait duzu buruan, eta botatzen duzu kantu moduan. Batzuetan bakoitzaren barrura iristen da. Gauza oso handia da hori", gehitu du.

Kontzertu bakarra, historikoa

Akustikoekin bukatu eta laster aurkezpen birarekin hasiko da taldea. Lehen aldiz Australian joko du. Euskal Herrian, ordea, aukera bakarra izanen da bere musikaz gozatzeko. Ekimena "berezia eta historikoa" izanen dela diote hiruek. Haatik, 2019 urteari ez diote atea hetsi. "Aurreko biran hiru urte pasa genituen. Agian orain ere beste hiru urte pasa ditzakegu jotzen", erran du Izagirrek.

Munduan gaindi jo du Berri Txarrakek, baina ba ote dute ametsetako eszenatoki bat musikariek? Galder Izagirrek, hitza hartu eta zalantzarik gabe Santiago de Chileko Laboben jo nahiko lukeela aitortu du. "Hori betetzea oso zaila litzateke areto oso handia baita. Baina gustatuko litzaidake betea ikustea guretzat. Gainera, Bill Stevensekin ukandako elkarrizketa hor izan zen. Hor piztu zen txinparta".

Irribarre artean, Nantesen ere jo nahiko luketela dio Izagirrek. Oroitarazi behar da aurtengo uztailean bertan kontzertua eskaini zutela zale bakarrarentzat. "Arantza kentzeko izango litzateke edo behintzat gure lagun hori bisitatzea joan nahiko genuke", aipatu du musikariak umoretsu.