Kazeta

Christiane Taubira: "Elkarrekin gaude bakearen alde arriskatzeko"

Christiane Taubira bakearen artisauek eginiko lana txalotu du sare sozialen bidez zabaldutako bideo batean. Bere babes osoa helarazi die Justizia Ministro ohiak.

Christiane Taubira Pariseko manifestaldirako
Christiane Taubira Pariseko manifestaldirako

Abenduaren 9an Parisen iraganen den manifestaziorako egun guti falta direlarik,  bake prozesuaren alde agertu da Christiane Taubira Justizia Ministro ohia. Gainera, euskal presoei aplikatzen dieten salbuespenezko legedia bertan behera uztea aldarrikatu dio Gobernuari.

Orain arte egindako lana goraipatu du Christiane Taubira Justizia ministro ohiak bakearen artisauek sare sozialen bidez zabaldutako bideoan. Bakearen artisauei sostengua helarazi eta, bera ere "bakearen alde arriskatzeko" prest dagoela iragarri du. "Buruargitasunez egiten dugu, badakigulako bakeak etengabeko indarrak eskatzen dituela, elkarrizketa eskatzen duela".

Ministro ohiak gogora ekarri eta eskertu ditu bake prozesuaren alde engaiatu diren hautetsi eta gizartearen eragile guztiak. Horiei esker bake prozesua "garatu eta egonkortu" dela dio. Haatik, elkarrizketarako "bi alde" beharrezkoak direla nabarmendu du.

"Biktima guztien ezagupenerako eta preso direnei zuzenbide komuna aplikatzeko garaia da. Egin beharreko hautu bat da. Etorkizunerako eta heldu diren belaunaldientzat egin beharreko hautua da", aipatu du Taubirak.