Kronika
 
ARIKETAZ ARIKETA EGIN LANARI ESKER, IGOR ELORTZA GARAILE DONIBANE LOHIZUNEN

SAIO BIZIA OSATU ZUTEN ATZO DONIBANE LOHIZUNEN, ABIADURA HANDIKOA, BI OREN ETA ERDI ESKASEAN LANAK AMAITUZ. AZKENEAN, ELORTZA GAILENDU ZITZAION LUJANBIORI BI PUNTU ETA ERDIKO ALDEAZ.

Jon GARMENDIA|GARA
1127_kul_elortza

Motzeko ariketetan bere dohainak agertu zituen Igor Elortzak, eta joskera eder batekin arrazoiak banan-bana bota zituen maisutasun handiz

19.30ak ziren eta Agin Laburuk kartzelako azken bertsoa kantatu berri zuen, atzoko saio biziari amaiera emanaz, eta bide batez baita finalean sartzeko bere aukerari ere. Bera zen anitzen iritziz Unai Iturriagak BECen utzitako tokia hartuko zuena, baina tamalez, atzokoan ez zuen bere egunik onena izan bertsotarako, saiatu arren ez zuen asmatzen bertsoaldiak borobiltzen. Domaia, lerrook idazten dituenak anitz eskertzen baitu bere bizitasuna eta freskura, bertsolaritza klasikoa eta garaikidea uztartzeko bere ahalegina, eta beti umoreari zirrikitu bat utziaz. 

Hutsik egin gabe, eta ariketa guztietan lagin ederrak utzita, Igor Elortzak eskuratu zuen lehen postua, aspaldidanik du Donibane Lohizuneko berri, sarri ibiltzen baita inguruotan, eta etxean bezala kantatu zuela erranen dugu, sendo, buruargi beti, eta lasaitasunez. Artista da txikian kantatzen, eta atzokoan ere erakustaldia eman zuen motzeko ariketa guztietan.

Maialenek urtebetetze eguna zuen atzokoan, eta hala kantatu zioten zaleek bukaeran, «zorionak zuri». Ez zuen ohiko distira agertu, nahiz eta lan guztietan utzi zuen hausnarketarako ideiarik nahiz sententziarik. Bakarkakoan potoren bat egin ote zuen, hori zen saio ondoko zalantza, baina halakoak ere ez dio kentzen ongi merezitako finaleko txartela. Julio Soto izan zen sentsazio ederrak utzi zituena atzokoan, kantaeran bizi, arrazoiekin jolasti, maila handia agertu zuen, jasotako puntuak baino zerbait gehiago merezi zuela anitzi entzun genion saio ondoan. Atzokoa entzunda, Sustrai Colinak egindako saioak ere puntu gehiago merezi zuela bati baino gehiagori entzun genion bestalde. Txapelketan ere, bertsozale bakoitza bihurtzen baita epaile. Jone Uriaren lana gorabeheratsua izan zela erratea agian atrebentzia gehiegi da, erdiko lanetan aritu baitzen zorrotz eta egokien, zortziko txikian eta puntuka, baina saio ona osatu zuen nolanahi ere. Iñaki Apalategik gauza txukunak egin zituen, baina baita irristadaren batzuk ere, eta horrek eraman zuen seigarren postura.

 

Handiak handian handi

Maialeni eta Igorri egokitu zitzaien ariketa puntuagarriekin hastea: Bi urteko haur baten gurasoak ziren, Maialenek haurra aurten eskolatu nahi zuen, Igorrek aldiz ez zuen eskolatu nahi sei urte izan arte. Maialen hasi zen kantuan: «Haurra etxeko nahi dezu baina ezta izango inongo/ alternatibak eta eskolak hippy eta hippyondo/ etxean gozo hezi nahi dezu ados ta hor arte ondo/ baina irtengo da kalera eta han haurrik ez da egongo». Igorrek horrela erantzun zion: «Nirekin berdin ein zuten eta enabil hippi usteko/ gogoa daukat gure haurrari maitasunean eusteko/ eta prest nago urte hauetan lanai neronek uzteko/ goizetan irten kalera eta berarekin jolasteko». Maialenek elkarrizketa jarraitu zuen: «Zuk lana utzi zuk zaindu eta zuk ipini jana mahaian / aita gutxitxo izango zaio jolaserako garaian/ eskola egoki askoa degu baina zuk ez dezu nahi han/ haurra arrarotu egiten degu hain berezi egin nahian». Horra Igorrek: «Hain berezi ere enuke gura nahiz lanean egon gertu/ neuk ere egingo dut hainbat akats ta baita zenbait aziertu/ gerora ere ikastolara harek ahalko du agertu/ ta izango du nogaz jolastu eta zeinekin aspertu». Maialenek honela bukatu zuen: «Bi urte eta badu garaia arkumeak ditu xede/ han aspertzea txarra al da ba hori ere bere mesede/ gure eskola publikoa ai eskatu degu halafede/ ta besterentzat eskatu hori nik nahi dut neretzat ere». Igorrek, aldiz honela: «Matrikula non egin ere guk duda dugu azkenean/ egoera hau ez da onena joateko zuzenean / oraingoz utzi dezagun arren neronen aldamenean/ berriro berba egingo dugu hiru urte dituenean».

Zortziko txikian Uriaren eta Lujanbioren lana aipagai, algortarrak kolpe ederrak eskaini zituen ariketa honetan, Hernanikoaren gainetik arituz. Maialenek bulego batean egiten du lan, Jone garbitzaileak lekuz mugitzen ditu bere gauzak egunero, gaur lehenago joan da Maialen eta han topatu du Jone. Maialen hasi zen: «Hauts bolak agirian hor bat eta hor bi/ zure lantegi honek ni uzten nau grogi/ batetik kendu eta bestera igorri/ zikinbrilo esaten diogu guk horri». Jone: «Ez ordenatzen dizut guztia egoki/ berdin dio liburu bufanda beroki/ beraz ez zimurtu orain bekain ta bekoki/ ze dena uzten dizut alfabetikoki». Maialen: «Ezta hainbeste sartzen aizu nor dena/ nere gela da nere bulego gorena/ eta horren kontua bakoitzak onena/ alfabetikoa dut nere desordena». Jone: «Bai esan nahi nizuna hain justu hori zen/ ez dituzu bereizten izan eta izen/ oraindik ez dut lortu ondo konprenitzen/ nola zauden zu bertan eta ni garbitzen». Puntukakoek sentsazio ona utzi zuten, saio guztiak izan ziren onak nahiz potoren bat izan. Hamarreko txikian ere dotore.

Kartzelakoan Igor Elortzaren lana aipagai. Gezurra erran duzu, baina merezi izan du, horra bere hiru bertsoak: «Justiziak du hamaika ezten/ sarri gabiltza bera gaitzesten/ ta tratu txarren aurrean hainbat herri ekimen babesten/ gero egiari eusten/ ta froga denak aurkezten/ nola bultzatzen dituzten/ hara joanda dena frogatzen nola gauza erraza ez den/ gezurra ere esan liteke egia ez bada sinesten». «Azken testigu nintzen zerrendan/ abokatu ta fiskal agendan/ nahiko urduri epaietxean hor igo naiz eskaileran/ duda banuen neuregan/ ea egin dezakedan/ bai zer esan ta bai zelan/ baina esan dut bortxaketa neuk ikusi nuen primeran/ ta horri esker errundun bat gaur sartuko dute kartzelan». «Ta poliziak ezker eskuma/ hor daramate gaur erruduna/ epaile jaunak sinatzeko ere jadanik prest dauka luma/ baina erantzukizuna/ ez da batena laguna/ etorri zait erantzuna/ gaurtik aurrera ere ez baitu harek zeregin leuna/ orain biktima babestea da guk egin behar duguna».

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK