Kazeta

Parisko manifestazioa: babes zabala eta anitza

"Bakea Euskal Herrian: orain presoak" lelopean iraganen den manifestazioaren aurkezpena egin dute azaroaren 23an, LDH-en egoitzan, Parisen. Estatu frantseseko ehun eragile zein erakundek babestu duten deialdia aurkeztu dute: "Bakearen alde arriskatuz". Bakegileek abenduaren 9an 10.000 lagun espero dituztela azaldu dute.

Txetx Etcheverry, Jean-René Etchegaray, Michel Tubiana eta Anaiz Funosas Parisko aurkezpenean. ©Bakegileak
Txetx Etcheverry, Jean-René Etchegaray, Michel Tubiana eta Anaiz Funosas Parisko aurkezpenean. ©Bakegileak

Euskal Herriko bake prozesuaren alde joko duen manifestazioaren aurkezpena egin dute Parisen azaroaren 23an. Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentearekin batera, Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko presidentea, Txetx Etcheverry bakegilea eta Anaiz Funosas Bake Bideako bozeramileak hitza hartu dute. Ehun eragile eta erakunde baino gehiagok izenpetu duten "Bakearen alde arriskuz" sostengu deialdiaren berri eman dute.

2011az geroztik Euskal Herriak ezaguturiko testuinguru berria gogora ekarri dute deialdiarekin bat egin dutenek. Nahiz eta ETAren behin betiko armagabetzea burutu, Estatu frantses zein espainiarrak bake prozesuan osoki sartzea ahalbidetuko liekeen keinurik agertzen ez dutela azpimarratu dute.

Biktima guztien aitortzaren beharra nabarmendu ondoren, bake prozesua aitzinatu ahal izateko bakegileen aldarriak gogora ekarri dituzte. Hau da, euskal presoen hurbilketa, larriki eri dauden presoen askatasuna, DPS estatuaren desagerpena eta baldintzapeko askatasunen eskaerak kontutan hartzea.

"Euskal Herriko bake prozesuarekiko gure engaiamendua berretsiz, konfrontazioa, elkarrizketa eta mendekua baino etorkizuna nahiago duten gizarte baten oinarriak finkatzen ditugu. Espainiako eta Frantziako gobernuei entzun gaitzaten eskatzen digu: bakearen alde arriska ezazue, biziaren alde arriska ezazue", dio agiriak.

10.000 lagun manifestazioan

Michel Tubiana hitza hartu duen lehena izan da. Euskal Herriko afera "gizarte oso bati eta zuzenbidearen errespetuari" dagokien gaia dela azaldu du. Ildo horretatik, paristar guztiei manifestazioarekin bat egiteko deia luzatu die.

Ondoren, Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak ondokoa aipatu du: "hautetsiek manifestazioan parte hartuko dute aitzinamendu zehatzak aldarrikatzeko". Hain zuzen ere, Txetx Etcheverryk 10.000 euskal herritar espero dituztela erran du. "Euskal Herriko bake prozesuan urrats berriak beharrezkoak dira. Gobernuak ohartu behar dira salbuespenezko erregimena bertan behera uztearen beharraz", erantsi du.