Iurre BIDEGAIN
Elkarrizketa
Emilie Martin
Bagoaz mugimenduko bozeramailea

Emilie Martin: "Lehen balorazioa baikorra da, jendea sentsibilizatzen ari gara"

Aste bat iragan da Bagoaz, Sare eta Etxeratek antolatutako "espetxe bira" abiatu zenez geroztik. Laugarren etapa hasi eta, lehen balorazioa plazaratu du Emilie Martin Bagoazeko bozeramaileak. Lehen hartu-emana ondoren, ezagutu dituzten hautetsiekin harremana sendotu eta lanean segituko dutela aipatu du.

Emilie Martin, Bagoaz mugimenduko bozeramailea. © Isabelle Miquelestorena
Emilie Martin, Bagoaz mugimenduko bozeramailea. © Isabelle Miquelestorena

Bada aste bat "espetxe bira" Euskal Herritik abiatu zela. Zein da orain arte egiten duzuen bilana?

Aste honetan Mont de Marsan, Lannemezan, Muret eta Tarrasconeko kartzeletatik pasa gara, baita Tolosa eta Marseillako herrietatik ere. Egiten dugun lehen balorazioa baikorra da.

Alde batetik, abiatzea oso polita izan zen. Euskal Herritik hogeita hamar bat eragile hurbildu ziren Mont de Marsanera, EPPKk bertara hurbilduak izatea galdetzen du. Bestalde, baikorra izan da ere Tolosa eta Marseillako hautetsi eta eragileekin burutu dugun lanagatik. Gainera, hitzaldiak ere eman ditugu. Hori guztia baikorra da, euskal gatazka herri horietan aski ezezaguna baita.

Nolako harrera jaso duzue hautetsi eta herritarrengandik?

Batzuek Euskal Herriko gatazka ez dute batere ezagutzen. Azaldu behar izan diegu gatazkaz mintzo garelarik, zertaz mintzo garen. Hau da berrogeita hamar urteko gatazka dela, alde guztietako bortizkeriekin. Beste batzuek, ordea, gaia segitzen dutela nabaritu dugu. Denetarik dago.

Herritarrekin gauza bera gertatu zaigu. Tolosako Zientzia Fakultatean hitzaldi bat egin genuen, hogei bat pertsona hurbildu ziren. Lan burtsan antolatutako hitzaldian ehun bat lagun batu ziren eta ez genuen batere espero. Kontutan hartu behar da gure gaia ez dela guztien lehentasuna. Baina, haatik, lorpen txikiak dira. Orain, hiri horiekin harremana sendotuko eta lanean segituko dugu.

Mont de Marsaneko presondegiko zuzendariarekin izandako bilkura eta gero, Vincent Bru diputatuak egindako iragarpenak arreta piztu zuen. Hau da, berrogeita hamar toki libre daudela kartzelan. Orain arte bizitakoa kontutan hartuz, zein da zuei arreta piztu dizuena?

Bruk erran duenarekin gelditzen gara ere. Hau da, berrogeita hamar toki daudela Mont de Marsanen, beraz ez da arazo teknikorik presoak hurbilduak izateko. Orain erabaki politiko bat behar da pausu hori emateko. Horregatik, abenduaren 9ko manifestazioa oso garrantzitsua da ahalik eta presio gehiena emateko Estatu frantsesari. Lehen pausuak eman dezan. Justizia Ministeritzara joandako ordezkaritzak erran bezala, keinuak lehenbailehen beharrezkoak dira, datozen aste edo hilabeteetan.

Atzo, abenduaren 22an, Parisko herriko kontseiluan Euskal Herriko bake prozesuaren alde beste keinu bat egin zuen. Nola jaso du albistea Bagoazek?

Oso baikorra da guretzat. Azpimarratzekoa da Estatu frantseseko hiriburuaren kontseiluaren bozka dela eta gainera aho batez onartu dutela. Nire ustez, bozka horrek badu bere garrantzia handia eta bere pisua.

Duela urte bat pentsaezina zen zerbait da?

Duela urte bat ez dakit, baina duela urte batzuk bai. Egia da ETAren desarmea burutu denez geroztik, ate batzuk idekitzen ari direla. Batzuk ere karraskan lanean ari dira horrelako lorpenak ukaiteko. Atzo goizekoa lorpen garrantzitsu bat da, ziur.

Egun batzuk falta dira oraindik abenduaren 9an espetxe bira bukaerara heltzeko. Datozen egunetan iraganen den hitzorduen artean, zein azpimarratuko zenuke?

Orain gure bidea segituko dugu. Egia da herri zein presondegietan programazio ederrak antolatzea lortzen ari garela. Hitzordu guztiak garrantzitsuak eta bereziak dira. Lortzen ari gara jendea sentsibilizatzen eta beharbada horietariko batzuk abenduaren 9an Parisko manifestaldira joanen dira.

Helburuak betetzen ari zaretela erran dezakegu?

Bai pentsatzen dut baietz. Oraingoz, dena goxoki eta positiboki iragaiten ari da. Errealistak gara ere, badakigu Euskal Herriko gatazkaren gaia ezezaguna dela toki horietan eta lehen hartu-eman bat ukaiten ari gara. Lan hori segituko dugu datozen egun eta asteetan.