Kazeta

Baliabide fiskalen murrizketa salatu du Merkataritza eta Industria Ganbarak

Estatu frantseseko Merkataritza eta Industria Ganbarek Gobernuak iragarri dituen baliabide murrizketak salatu dituzte azaroaren 22an. Baionan, André Garreta Merkataritza eta Industria Ganbararen presidenteak bere kexa eta arrangurak plazaratu ditu.

André Garreta Baionako Merkataritza eta Industria Ganbararen presidentea. ©Bob EDME
André Garreta Baionako Merkataritza eta Industria Ganbararen presidentea. ©Bob EDME

Ez ohiko prentsaurrekoa antolatu zuen Baionako Merkataritza eta Industria Ganbarak azaroaren 22an. Aldi honetan, André Garreta erakundeko lehendakariak hitza hartu zuen Gobernu frantsesak iragarri dituen diru laguntzen murrizketak salatzeko. Orotara, baliabide fiskalak %17an apaldu nahi ditu Estatuak.

150 milioi euroko laguntzen murrizketak izanen lituzkeen eraginak deitoratu ditu presidenteak. 2014az geroztik, jasan behar izan dituzten murrizketak gogora ekarri ditu Garretak. Hain zuzen ere, baliabide ekonomikoen %35ari aurre egin behar izan diote azken hiru urteetan. Edouard Philippe Ekonomia Ministroaren Finantza Legea (PLF) deituriko egitasmoak Merkataritza eta Industria Ganbaren kexa piztu du.

Aurrekontu berriari egokitu ahal izateko denbora eskatu du presidenteak. André Garretak Gobernuaren erabakiak izanen dituen eragin ezkorrak nabarmendu ditu. Batez ere, TPE eta PME enpresen laguntzan eraginen duela uste du. Bere erranetan, Merkataritza eta Industria Ganbarak lurraldeei bizkarra ematen dien Gobernuaren "biktimak" dira.