Kazeta

Bake prozesuaren aldeko mozioa bozkatu du Parisko kontseiluak

Parisko kontseiluak Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko mozioa bozkatu du azaroaren 22an. Jérôme Gleizes ekologista eta Nicolas Bonnnet-Oulaldj zein Raphaële Primeten (Alderdi komunista- Ezkerreko Frontea) proposamena aho batez onartu dute hautetsiek.

Jérôme Gleizes hautetsi ekologista.
Jérôme Gleizes hautetsi ekologista.

Jérôme Gleizes ekologistak eta Nicolas Bonnnet-Oulaldj zein Raphaële Primet (Alderdi komunista- Ezkerreko Frontea) hautetsiek Euskal Herriko bake prozesua eta abenduaren 9an iraganen den manifestazioaren aldeko mozio bat aurkeztu dute abenduaren 22an Parisko kontseiluan. Hautetsiek aho batez proposamenaren alde bozkatu dute: "Bake prozesuak etapa garrantzitsuak gainditzen dituen une honetan, Parisko kontseiluak bere sostengua helarazi nahi dio bake prozesuari".

Aurkeztutako mozioan Euskal Herriko bake prozesuaren alde egindako urratsak gogora ekarri dituzte hautetsiek. Hau da, Aieteko Deklaraziotik apirilaren 8an gauzatu zen armagabetzera gertatutakoa aipatu dute. Halaber, azaroaren 16az geroztik martxan dagoen espetxe bira Parisen bukatuko dela oroitarazi dute herriko kontseiluan.

Sare sozialetan Gleizesek azaldu duenez, "Parisek, bakearen hiriburuak, bere lurraldean iragaiten diren bakearen aldeko ekimenak babestu behar ditu".