Kazeta

Nahigabetuak sentitzen dira Uztaritzeko zahar-etxeko langileak

Uztaritzeko Caducée zahar etxeak ateak hetsiko ditu 2018ko hasieran. Gaur egun, ez dago bizitzaile gehiagorik. Kanporatuak izanen diren langileak nahigabetuak sentitzen dira zuzendaritzaren proposamenarekin.

Uztaritzeko zahar etxeak abenduaren 31n ateak hetsiko ditu.
Uztaritzeko zahar etxeak abenduaren 31n ateak hetsiko ditu.

Badira bi aste langileak hutsik dagoen Caducée zahar etxera joaten direla. Azaroaren 17tik aitzina, etxean gelditzeko ordainduak izanen dira zentroa behin betiko hetsia izan arte. Eddy Siegenthaler langileen ordezkaria etsitua dago. Ekainean Orpea zahar etxearen kudeatzaileak hetsieraren berria eman zienez geroztik, alde batera utziak izan direnaren sentsazioa dute langileek.

Langileen ordezkaria zuzendaritzarekin bildu zen Parisen azaroaren 14an. Topaketaren xedea  ordezkariak zuzendaritzak proposaturiko kalte-ordainak onartzen zituenez edo ez jakitea zen. Langileek eskaturiko kalte-ordain apalagoak proposatu ditu enpresak.

Profilaren arabera, zazpi eta hamabi hilabeteko lan-sail aldatzeak izanen dituzte langileek. Garai horretan soldataren %75a jasoko dute. Legezkoak diren kalte-ordain kopurua jasoko dute langileek. Diru kopuru horri zuzendaritzak kalte-ordainen %50a gehituko dio.

Siegenthalerren aburuz, prozedura nola iragan den kontutan hartuz, kalte-ordainak ez dira nahikoak. "Hori egiten dute zerbait egin dutela errateko. Urtero, hiru miliar euro inguruko irabaziak dituzte eta hamabost bat langileei kalte-ordainak bideratzea errefusatu dute", gehitu du. Oraingoz, proposatuko kanporaketa plana izenpetzea ezeztatu dute langileek.