Kazeta

Bortizkeria sexisten kontrako astea

Emazteen kontrako biolentzia oztopatzeko astea antolatu dute lehen adiz azaroaren 20tik 27ra. Ipar Euskal Herrian gaindi hitzaldi, eztabaida zein animazioak prestatuko dituzte. Helburua? gizartea sentsibilizatu eta informazioa eskaini.

Bortizkeria sexisten kontrako astea Baionan abiatu zen azaroaren 20ean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Bortizkeria sexisten kontrako astea Baionan abiatu zen azaroaren 20ean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Bortizkeria sexisten kontrako nazioarteko egunaren karietara, sozial, kultur baita arlo juridikoko profesionalek ere indarrak batuko dituzte azaroaren 20tik 27ra. Bortizkeria sexisten kontrako astean hitzaldi, film eztabaida eta animazioak proposatuko dituzte Ipar Euskal Herrian gaindi.

Baiona, Donibane Lohizune, Angelu eta Donapaleu, egitarauaren ekimenak errezibituko dituzten hiriak dira, besteak beste. Baionako erietxeak bultzaturiko proposamenak emazteen kontrako indarkeriei buruz gizartea sentsibilizatu eta informazioa eskaintzeko xedea du.

Lehen egunean, Paristik etorritako My-Kim Yang-Paya eta Céline Marcovici abokatuek bortizkeria jasaiten duten emazteen gidaliburu juridikoa aurkeztu zuten Baionan. Gaur goizean iraganen den prebentzio tailerra ondoren, gaiari buruzko topaketa bat antolatu dute Baionako ospitalean.

Aste osoan zehar informazioa eskaintzeko erakusmahaiak jarriko dituzte Baiona, Biarritz eta Angelun. Azaroaren 23an, Diego Lerman egilearen "Refugiado" filma eskainiko dute Donapaleun. Proiekzioaren ondotik, eztabaida bat antolatu dute osasun arloko profesionalen parte hartzearekin.

Autodefentsa tailerra Zizpa Gaztetxean

Azaroaren 25ean iragaiten den nazioarte egunean elkarretaratze bat prestatu dute 11.00etan Baionako herriko etxean. Aitzina gazte mugimenduak ere mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu du.

Lehenik karrikak apainduko dituela iragarri du gazte erakundeak. Eguerdian, Zizpa Gaztetxean iraganen den bazkari partekatua ondoren, "Autodefentsa feminista tailerra" proposatuko du Emagin elkarteak. Ekimenean parte hartzeko izena eman behar da (0617573399) eta zazpi euroko kostua du.

Bortizkeria sexisten kontrako astearen egitaraua hemen ikusgai.