Iurre BIDEGAIN

Bide baten berritze lanak oztopatu ditu Larrun ez hunki kolektiboak

Azkainetik Larrunera doan bidean egiten ari diren obrak oztopatu ditu Larrun Ez Hunki kolektiboak azaroaren 21ean. Hori dela eta, herriko auzapezak obrak behin-behineko gelditzea erabaki du eta manifestariekin bildu da herriko etxean.

Hogei bat lagunez obrak oztopatu dituzte azaroaren 21ean. ©Bob EDME
Hogei bat lagunez obrak oztopatu dituzte azaroaren 21ean. ©Bob EDME

Larrun ez hunki kolektiboa berriz ere mobilizatu da mendiaren defentsan. Aldi honetan arrazoia ez da "Larrun 2020" deituriko egitasmoa izan, baizik eta mendiko bide baten berritze lanen kontra mobilizatu dira. Horiek oztopatzeko, hitzordua finkatu du Azkaineko harrobiko aparkalekuan azaroaren 21ean. 



Hogei lagun baino gehiago obrak burutzen ari diren eremura hurbildu dira eta horiek oztopatu dituzte. Laster, bi jendarme eta polizia munizipal batek obrak behin-behineko gelditu dituztela jakinarazi die.

Manifestariek herriko etxera hurbildu eta Jean Louis Fournier auzapezarekin elkartzeko parada izan dute. Nahiz eta bakoitzak bere iritzia defenditu duen, bilkura "oso ongi" iragan dela aipatu du Fournierrek. "Gure xedea azaldu diet, hau da, aspalditik berritua ez zen bide bat konpondu nahi dugula. Zegoen bezala, sokorri zerbitzuak, adibidez, ezin ziren pasa. Beharrezkoa zela kontsideratu du Herriko Etxeak. Gure helburua ez da autoak hortik pasatzea", erantsi du auzapezak.

Arraberritze obrak burutzeko baimen berezirik ez dela behar erran du Fournierrek. Behin-behineko obrak geldiarazi ondoren, Ingurumen Ministeritzako ikuskari batek dena legezkoa den ziurtatuko du. Ordurarte, obrak geldituak izanen direla iragarri du auzapezak.

Ur bideen eraikuntza



Elkartearen aburuz, "debalde" egiten dituzten lanek bidearen egituran eraginen dute. Philippe Lacarra Larrun ez hunki kolektiboko kideak "eraiki ordez, urratzen" ari direla deitoratu du. "Zegoena desegiten ari dira. Bidea leuntzeko azalean zeuden harriak desegin dituzte pala berezi batekin", azaldu du. Bide bazterrera mugitu dituzten harri horiek bidearen egonkortasuna ziurtatzen zutela uste du taldeak.



Ez da lehen aldia antzeko kasu bati aurre egin behar diola erakundeak. Iaz "Basatrumil" deituriko bidean obrak burutu zituen Herriko Etxeak. Gisa berean, pala mekaniko baten bidez bidea leundu eta harriak bazterrean utzi zituen. "Behin-betiko mendiko bideak ongi egitea aldarrikatzen dugu. Tarte motzean deseginak ez izateko, ur bideak eraiki beharko lituzkete", aipatu du Lacarrak.



Jean-Luc Mendizabal kolektiboko kidearen erranetan, "maltzurkerietan" ari dira. Bere iritziz, "turismoaren masifikazioa" obren xedea da. Lacarra, ordea, ez dator bat Mendizabalekin. Bere iritziz, "ezezagutza" da zergati nagusia. "Ez dituzte obrak hurbiletik segitzen eta ez dituzte eraginak ezagutzen", erantsi du.



Gutunak auzapeza eta suprefetari



Bere arrangura adierazteko Jean Louis Fournier Azkaineko auzapeza eta Cathérine Séguin suprefetari eskutitzak bidali dizkie kolektiboak. Obren xedea zehazteaz gain, horiek burutzeko beharrezkoak diren baimenak dituzten galdegin die. Oroitarazi behar da Larrun gune sailkatua dela eta Natura 2000 sarearen barne dela.