Kazeta

Hezkuntza saila ere Lan erreformaren kontra

Emmanuel Macron Gobernu frantsesaren presidentearen lan erreformaren kontra manifestazio berri bat burutu dute azaroaren 16an Baionan. Aldi honetan, batez ere, hezkuntza alorrean kodeak eragingo dituen murrizketak deitoratu dituzte.

Mila pertsona inguru bildu ziren Baionako karriketan. © Chloé Rébillard
Mila pertsona inguru bildu ziren Baionako karriketan. © Chloé Rébillard

Emmanuel Macronen Gobernuak agindu dituen erreformen kontrako mugimenduak berriz ere karrikara jauzi egin zuen azaroaren 16an, Estatu frantsesean bezala, baita Ipar Euskal Herrian ere, Garako artikuluak azaldu duenez.

CGT, FO, FSU eta Solidaires sindikatuek eginiko deialdiak jasotzaile zehatza zuen. Hezkuntza alorrean frantziar presidenteak plantan eman nahi dituen murrizketak salatzeko deia luzatu baitzuten sindikatuek.

Hartara, Baionak dituen hamabost eskoletatik zazpik lanuzteak babestu zituzten. Greba deialdiak jangela zerbitzuetan eragina izan zuenez, hainbat zentrotan gurasoek piknikak antolatu zituzten. Horrela gertatu zen Jean Moulin, Jean Pierre Brana, Baiona Handia, Zitadela eta Arenes-eko eskoletan, baita Oihana ikastolan ere.

Bestalde, ehunka lagunek parte hartu zuten lan erreforma salatzeko Baionako erdialdea zeharkatu zuen manifestazioan.