Kazeta

Parisko mobilizazioarako diru bilketa abiatu dute Bakearen artisauek

Abenduaren 9an Parisen iraganen den manifestaziorako diru bilketa bat antolatu dute Bakearen artisauek. Protestaz gain, ekimenari buruzko sentsibilizazio kanpaina zein azaroaren 16an abiatuko den presondegien itzulia finantzatuko dute lortutako ekarpenei esker.

Urrian Pariseko mobilizazioaren antolatzaileek Baionan egin zuten agerraldia. (Bob EDME)
Urrian Pariseko mobilizazioaren antolatzaileek Baionan egin zuten agerraldia. (Bob EDME)

"Bigarren Luhuso bat elkarrekin kausitzeko", diru bilketa abiatu dute Bakearen artisauek. Orotara, 23.000 euro lortu nahi dituzte abenduaren 9an Parisen iraganen den manifestaziorako. Internet bidez antolatu duten bilketari esker, martxa baino lehen gauzatzen ari diren sentsibilizazio kanpaina finantzatuko dute.

Estatu frantseseko hiriburuan iraganen den protesta aitzin, herriz herri bilkura publikoak antolatu dituzte bakearen artisauek. Horrek zein manifestazioak berak dakarren gastuei aurre egiteko auto-finanzioa antolatu dute.

Oroitarazi behar da Parisko manifestazioari laguntza ekonomikoa ekartzeko, 12 orduko ekimena antolatu zutela irailaren 30ean Luhuson. "Baina, oraino falta zaizkigu 23 000 euro mobilizazio eta sentsibilizazio kanpaina gauzatzeko, aurreikusia den aitzinkontuaren orekatzeko, azaroaren 16an hasiko den Presondegien Itzuliaren eta abenduaren 9an Parisen iraganen den elkarretaratzearen antolakuntza gastuei aurre egiteko", diote bakearen artisauek.