Haritz LARRAÑAGA

Elkar laguntzea sustatzen duen aplikazio berritzailea sortu du Ikas-Bik

Buraso eta irakasleak elkar lagutzeko xedea duen "Ikasbiklik" aplikazioa sortu du Ikas-Bi elkarteak. Gainera, martxan jarri duen beste egitasmo baten bidez, hots, "Emazu eskua" eskola arteko trukaketa pedagogikoa gauzatu nahi du mugaz gaindi.

Euro-eskualdeak diruztatuko du "Emazu eskua" xedea. © Isabelle Miquelestorena
Euro-eskualdeak diruztatuko du "Emazu eskua" xedea. © Isabelle Miquelestorena

Ikasturte berrian 6 eta 18 urte arteko 6.500 ikasle daude Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoko 102 ikastetxe publiko elebidunetan. Kopuru orokorra gorantz doan arren, oraindik euskaraz ez dakiten guraso asko kexu dira beren seme-alabei etxeko lanak egiten ezin dietelako lagundu. Horregatik, Ikas-Bi, Ipar Euskal Herriko Irakaskuntza publikoko adar elebidunetako gurasoen elkarteak, aplikazio berritzaile bat sortu du, Garako artikuluak azaldu duenez.

Helburua, elkar lagunduko duten irakasle eta gurasoz osatutako komunitate bat osatzea da, eta jada 50 erabiltzaile ditu “Ikasbiklik” aplikazioak. Adibide moduan, posible da gurasoek ikasgai bat ezagutzea, baina berau euskaraz dagoenez haurra zertan ari den ez jakitea. Orduan, ariketari argazki bat atera eta aplikazio honen bidez komunitateko beste kideei laguntza eska diezaiekete.

Ikas-Bik martxan jarri duen beste egitasmoak “Emazu eskua” izena du eta mugaz haraindiko programa da. Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak babesten duen planak "eskola arteko trukaketa pedagogikoa" gauzatzea du helburu. Hau da, "bi komunitateen arteko harremanak indartzea", azaldu zuen Thierry Delobel Ikas-Bi elkarteko lehendakariak.