DPS estatusa kendu diote Didier Aguerre euskal presoari

"Bereziki seinalatua den presoa" (DPS) estatutu egoera kendu diote Didier Aguerri. Hori dela eta, euskal presoak bete behar zituen neurri batzuk bertan behera utzi ditu justiziak. Gainera, Lannemezaneko kartzelan dagoen amikuztarraren kondena azaroaren 23an iraganen den auzian berrikusiko dute.

Iurre BIDEGAIN|2017/11/13 10:45|0 iruzkin
Guz_didier_aguerre_bobedme103
Hiruehun pertsona bildu ziren Donapaleuko manifestazioan. ©Bob EDME

Gaur egun hogeita hamar bat euskal presok dute "Bereziki seinalatua den preso" (DPS) estatusa eta bereizgarri horren deuseztatzea behin eta berriz Bakearen artisauen eskakizunetan agertu da. Badira hamasei urte preso dagoela Didier Aguerre eta estatus horren menpe zegoen orain arte. Xantiana Cachenaut bere abokatuak baieztatu duenez, berriki justiziak kendu dio.
 
Urte horietan zehar neurri berezi batzuk bete behar izan ditu DPSa dela medio. Estatusaren aplikazioa kartzelaren arabera aldatu daitekeela azaldu du abokatuak. Didier Aguerre dagoen Lannemezaneko presondegian adibidez, bereziki seinalatuak diren presoak kartzelako barne mugimenduetan beti lagunduak izan behar dira. Halaber, kartzelatik kanpo ateratzeko, hala nola auzietara, eskolta bereziekin joan behar dira.

Kartzela batzuetan besteetan baino neurri zorrotzagoak dira. Besteak beste, gauean presoak kontrolatzeko erabiltzen dute estatusa. "Ez dakit zenbat orduro, presoak esnatzen ahal dituzte kontrolak jasanarazteko. Jazarpen bereziak egiten dizkiete. Batzuentzat oso hertsagarria da", aipatu du abokatuak.

Azaroaren 23an auzia

Didier Aguerre 2006an jujatu zuten, beste hamalau kiderekin. Epaileek, guztira, hogeita hemeretzi urteko kondena agindu zioten. Garai hartan, ADNa ematea ukatu zuen euskal presoak.

Cachenautek azaldu duenez, Estatu frantseseko legediaren arabera, preso batek ADNa ematea ukatzen duenean eta epaitegi batek horregatik kondenatzen duenean, "automatikoki erredentzio guztiak kentzen dizkiote". Erredentzio horiek automatikoak eta bereziak izan daitezke. Automatikoei dagokienez, zigor urte bakoitzeko bi hilabete kentzen dizkiote presoari. Ikasketak egiterakoan, berriz, erredentzio gehiago eman ohi dituzte. "Bete behar duzun kondena efektiboa gutxitzeko balio du", azpimarratu du Cachenautek.

Aguerren kasuan, ADNa ematea ukatu zuenez, erredentzioak kendu zizkioten. Haatik,  juridikoki presoak erredentzio horiek berreskuratzeko aukera bat du. Eskaera egin eta, bere galdea aztertuko dute azaroaren 23an iraganen den auzian. Deliberoa ez da egunean berean jakinen, abokatuak zehaztu duenez.

Gutun bidalketa masiboa

Bagoaz, Sare eta Etxeratek Estatu frantseseko espetxeen itzulia eginen dute azaroaren 16tik abenduaren 9ra. Biraren karietara, ekimenak prestatu dituzte Lannemezaneko kartzelan azaroaren 16tik 19ra, Didier Aguerren senide batek iragarri duenez. Mementoz, ez dute ekintzei buruzko xehetasunik azaldu.

Horrez gain, Euskal Herriko bake prozesuaren gaia eragile politiko, sozial eta sindikalengana helarazteko, gutun bidalketa masibo bat antolatu du herritar talde batek. 150 bat gutun prest ditu jada. 

Orain arte egindako urratsak agerian utzi ditu eskutitzean. Horrez gain, euskal presoek pairatzen dituzten salbuespenezko neurriekin bukatzea eta aitzin pausuak ematea aldarrikatu du. Ildo horretatik, abenduaren 9an Parisen iraganen den manifestazioarekin bat egiteko gonbidapena luzatu du.


ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK