Haritz LARRAÑAGA

Ondare bizien EPV labelari buruzko erakusketa Euskal Museoan

EPV labela duten Biarno eta Ipar Euskal Herriko zortzi enpresek erakusketa berezi bat antolatu dute Baionako Euskal Museoan. Abenduaren 17ra arte argazki, testu eta erakustaldi praktikoen bidez sor-marka ezagutarazi nahi dute.

Makilak, txokolatea, larruzko poltsak, oihalak, zurezko aulkiak, zaldi gainean ibiltzeko larruzko aulkiak eta soken teknika erabiliz egindako ontzi handiak nola egiten dituzten ikus daiteke.
Makilak, txokolatea, larruzko poltsak, oihalak, zurezko aulkiak, zaldi gainean ibiltzeko larruzko aulkiak eta soken teknika erabiliz egindako ontzi handiak nola egiten dituzten ikus daiteke.

Argazki eta testuekin lagunduta, egiten duten lanaren berri ematen duen erakusketa antolatu dute EPV (Entreprise du Patrimoine Vivant) labela duten zortzi enpresek. Abenduaren 17ra arte izango da ikusgai Baionako Euskal Museoan eta erakustaldi praktikoak ere izango dira beren mozkin edo produktuak nola egiten dituzten ezagutzera emateko, Garako artikuluak azaldu duenez.

Ondare bizien enpresen labela da EPV eta Estatu frantziar osoan hedatua da, baina label horren baitan, Biarnok eta Ipar Euskal Herriak bat egin dute marka propioa garatzeko. "Lurralde honetako ondare historiko eta kultural diren heinean, guretzat garrantzitsua da Euskal Museoan egotea", adierazi zuen Liza Bergara elkarteko lehendakari eta makila-egileak.

Jakintasun berezien labela

Zer nolako produktuak egiten dituzten eta nola egiten dituzten erakutsi nahi dute erakusketaren antolatzaileek, "baina helburu nagusia label honen berri ematea da, zeren label eder bat da, gauzei balore bat ematen diena. Hortaz, hiritarrak, instituzioak eta erakunde publikoak informatu eta label honen inguruan dinamika bat sortu nahi dugu", azaldu zuen Bergarak.

Badira diru truk eskura daitezkeen labelak, baina sor-marka hau lortzeko ez da ordaindu behar, zeren Estatu frantsesak bere gain hartzen du gastua. Elkarteko kideek balore erantsitzat hartzen dute ezaugarri hau, labela duenak "irizpide guztiak bete eta benetan merezi duelako dela" iritzi baitiote.

Elkarteko lehendakariaren aburuz, labela Estatuak emateak jarrera neutro bat izatea ahalbidetzen die eta sor-marka eskaintzea haien esku ez dagoenez, lagun artean eman litezkeen mesede keinuak ekiditen dira. "Gure elkarteko kide izateko betebehar bakarrak bi dira, EPV labela edukitzea eta hemengoa izatea", nabarmendu zuen Bergarak.

Merkataritza Ganberak ere halako enpresak bultzatu nahi ditu eta sail horretan sartzeko ziurtagiria eskuratu ahal izateko honen oniritzia ere izan behar dute. Txostena bost urtetik behin berregin behar da, sor-marka izateko baldintzak betetzen jarraitzen direla ziurtatzeko. Guztiak ados dira labelak eragin bat baduela onartzeko orduan, zeren labelari esker erosleak badaki mozkina ez dela enpresa industrial batean egina.

Paregabeko mozkinak

Ondare bizien sor-marka eskuratzea ez da edonork egin dezakeen zerbait, bete beharreko irizpideak zorrotzak baitira. "Frogatu behar da egiten den mozkinak ez duela parekorik, eta horretarako historia apur bat izan behar da, ondare bat", esplikatu zuen Bergarak.

Irizpideen artean antzinatasuna (ibilbide historikoa), produktua lantzeko modua (antzinako tekniken erabilera) eta aparteko jakintza (dohain berezia izatea) dira nagusiak, baina ez dago guztien gainetik ezartzen den irizpiderik. Osagai horiek izan behar dira, baina gero balantza batean ezartzen dira; hortaz, batzuetan irizpide batek besteek baino pisu handiagoa du.

Liza Bergara elkarteko lehendakariak makilak egiten ditu eta bere enpresa jarri zuen adibide gisara: "Gureak bezala, zazpi belaunaldiko ibilbidea duen enpresa batek errazago eskuratu ahal izango du labela, jada irizpideetako bat bete baitu, zeren antzinatasunak suposatzen du badela ondare bat, irauteko arrazoi bat, lanerako tresneria bat, eta horrez gain, lan egiteko modua gordetzen dela".

EPV labela duten enpresa gehienak sei edo zazpi belaunaldiko tradizioa duten lantegi familiarrak dira, baina badira berriki sortutako enpresak ere. Zaldian ibiltzeko aulkiak egiten dituen Voltaire enpresa, esaterako, 2010. urtean sortu zen, baina egiteko manera antzinakoa du eta goi mailako trebetasuna erakusten du.

Eraberritu arima galdu gabe

Eraberritze prozesu bat gertatu bada, kontuan hartzen da teknika mailan edo produktuaren azken emaitzan eraginik izan duen. Alegia, oreka egon behar da ondarearen eta berrikuntzaren artean. Bergarak produktuaren bizitasunean jartzen du begirada: "Labelak badu bere izenean hitz bat oso garrantzitsua dena, “bizirik”. Gu geu, nahiz eta 7 belaunaldiko ondarea izan, ezin gara geldirik geratu, berritzea beharrezkoa da, baina produktuak bere ezaugarri guztiak izaten jarraitu behar du, existitzen jarraitu behar du, eta, batez ere, transmisio bat ziurtatu behar da".

Aurrerapen teknologikoek produktuan hobeto kontzentratzen lagun dezaketela pentsatzen du makila-egileak, baina tresneria berriaren eta produktuan izan dezakeen eraginaren artean oreka mantentzearen aldekoa da. "Kontua da produktuak bere arima gordetzea, ez da guztia industrializatu behar", egin zuen gogoeta Bergarak.

Berrikuntzen erabilera argitzeko beste etsenplu bat jarri zuen artisauak: "Metala leuntzeko gailu bat badugu, eskuz lixatu genezake noski, baina ez dut uste horrek azken emaitzan eragin handirik izango duenik. Aldiz, grabaketak, eta gainontzeko guztia, noski, eskuz egin behar da, horrek ematen baitio identitate bat produktuari, ez da beste bat berdina izango".