Nafarroako Legebiltzarra eri diren presoak askatzearen alde

Larriki eri diren presoak askatzearen aldeko mozioa bozkatu du Nafarroako Legebiltzarreko hautetsien gehiengoak azaroaren 9an. UPN eta PP proposamenaren kontra bozkatu duten alderdi bakarrak dira.

Kazeta|2017/11/10 16:40|0 iruzkin
Int20171109015363
Bakartxo Ruiz (EH Bildu) azaroaren 9an iragan zen saioan. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Larriki eri diren presoen aldeko erabakia hartu zuen Nafarroako Legebiltzarrak azaroaren 9an. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, PSN eta Ezkerra mozioaren alde agertu ziren. Nazioarteko legedia betetzea eta neurri aringarriak ezartzea eskatu zuten, besteak beste.

Nahiz eta bozketan kontra jo, mozioa ordezkatzeko beste testu bat aurkeztu zuen UPNk. Azken horrek proposatukoaren eduki batzuk gehitu zizkioten agiriari. UPNk proposatutakoaren arabera, eri diren presoak aske uzteko prozedura argitu behar da. Horrez gain, medikuntza unitateak hobetu behar direla uste du.

Estatuko Kartzela Zaintzak aurten plantan ezarritako 3/2017 jarraibidearen kontra agertu zen Ezkerra mozioa aurkezterakoan. Eritasun sendaezinak dituzten presoak askatzeko, "hiltzear" egon behar dutela dio jarraibideak. Ildo beretik doazen Juan Ignacio Zoido Barne Ministroaren adierazpenak deitoratu zituen. Presoa hiltzeko "bi hilabete" falta direnean bakarrik askatu behar dela uste du Zoidok.

EH Bilduko Bakartxo Ruizen erranetan, pertsona orok "osasunerako eta duintasunerako eskubidea" du. Geroa Bai alderdiaren iritziz, arrazoi humanitarioak lehenetsi behar dira. "Egindako delitua oso higuingarria irudituko balitzaigu ere, ez luke inporta behar. Gaixotasun larria edo sendaezina duen batek bere azken egunak, hilabeteak edo urteak, bai urteak, bere familiaren alboan egin behar lituzke ahalik eta egoerarik egokienean", azaldu zuen Koldo Martinez Geroa Baiko legebiltzar kideak.

Sare euskal presoen eskubideen aldeko elkartea saioan presente zegoen. Nafarroako Parlamentuak presoen auziari harturiko aterabide humanitarioa "Aurrera pausu garrantzitsu" bat iruditu zaio erakundeari.