Kazeta

Abenduaren 9ko manifestazioaren egitaraua argitaratu dute bakegileek

Abenduaren 9an Parisen iraganen den manifestazioaren egitaraua argitaratu dute bakearen artisauek. Mobilizazioa baino lehen Montparnasse geltokian elkarretaratze bat antolatu dute Estatu frantseseko kartzeletatik gaindi ibiliko den bira errezibitzeko.

Bakearen artisauek antolatu dute Abenduaren 9ko ekimena
Bakearen artisauek antolatu dute Abenduaren 9ko ekimena

Euskal Herriko bake prozesua aitzinatzea. Hori da abenduaren 9an Parisen iraganen den manifestazioaren xede nagusia. Bakegileek antolatu dituzten bi trenei esker, 2.000 pertsona baino gehiagok parte hartuko dutela ziurtatu dute. Horiekin batera, kolore anitzetako hautetsiak ere presente izanen dira.

Abenduaren 9ko mobilizazioa 11.30ean hasiko da Montparnasse geltokian. Bertan animazioak antolatu eta Euskal Herritik etorriko diren trenak errezibituko dituzte. Eguerdian, Bagoaz, Sare eta Etxeratek antolatu duten kartzelen birari ongietorria eginen diote.

Oroitarazi behar da, azaroaren 16tik abenduaren 9ra euskal presoak dauden kartzelak bisitatuko dituztela hiru erakundeek. Orotara, 4.000 kilometro zeharkatuko dituzte hogeita lau egunez, hogei presondegietara heltzeko.

Abenduaren 7an "ehunka bakegileek" biraren lekukoa hartuko dute eta martxa bat burutuko dute Réaux, Fleury-Merogis eta Fresnesko kartzeletatik.

Aldarrikapenak musikaz josiak

Larunbatean, 12.30ean, mobilizazio "alaitua" abiatuko da. Kamioi batek giroa berotuko du martxan zehar. Bad Sound System, Fermin Muguruza, Mouss eta Hakim de Zebda, Fredo des Ogres de Barback, Oreka TX zein Rocé artista presente izanen dira.

Mobilizazioa 14.00etan bukatuko da hitz hartzearekin. Ondoren, kantaldia antolatu dute. Ekimenari bukaera emateko ospakizun berezi bat prestatu dute 17.00etatik aitzina Parisko Euskal Etxean.