Haritz LARRAÑAGA

Senpereko laborariengandik hurbil dagoen saltokia

Badira hiru urte Senpereko laborari talde bat elkartzea erabaki zuela. Iaz, "Hurbil" deituriko denda ideki zuten. Egitasmoa aurkezteko ekimen berezia antolatu dute azaroaren 4an. Proiektuan parte hartzen duten laborarien xedea saltoki bat eta haragia maneiatzeko gune bat eraikitzea da.

Produktu desberdinak dastatzeko aukera eskaini zuten larunbatean.
Produktu desberdinak dastatzeko aukera eskaini zuten larunbatean.

Hurbil denda ez da Senpere inguruko laborariek esku artean duten proiektuaren azken emaitza, baina bai urrats garrantzitsu bat. Horregatik, orain arteko lorpenak aditzera eman eta egitasmo berriak aurkezteko jardunaldi irekiak antolatu zituzten, Garako artikuluak azaldu duenez. Jakingurak bultzatuta gerturatzen zirenek jaki goxoak dastatzeko aukera izan zuten azaroaren 4an, Jenofa Mendiburu gasna egileak dioen moduan, "horrela, erosleekin hitz egin eta mozkina nola egiten dugun azal dezakegu-eta".

Ramuntxo Garat abeltzainak Beigorri haragia ekoizten du eta orain irekita duten denda ez dela betierekoa oroitarazten du: "Saltoki hau trantsizioko gunea da. Azken helburua, ordea, Eskualdeko Herri Elkargoak gorde zigun eremu batean eraikiko dugun saltoki bat irekitzea da; bertan, haragia transformatzeko aukera ere izango dugu".

Bertako labeldun produktuak

Hasieratik bi behar nagusi identifikatu zituzten: "transformazio lantegi kolektiboa" eta "komertzializazio gune kolektiboa". Horiek dira elkartearen bi helburu nagusiak. Denda, ekoizten dituzten produktuak saltzeko, eta, transformazio gunea, haragia landu, kozinatu, ontziratu, eta, finean, etekin gehiago atera ahal izateko. Aitzitik, kontuan izan behar da eskualdean urtean 50 tona haragi ekoizten direla.

Hurbil ez da Ipar Euskal Herrian irekia den mota honetako lehen denda. Duela zenbait urte ireki zituen ateak Ortzaizeko Kaiku Borda dendak, eta haiekin harremanetan dira elkarteko kideak. Bestalde, egun ostegun eta ostiral arratsaldetan zein larunbatetan irekitzen dute saltokia, baina ordutegia zabaltzeko aukera aztertzen ari dira.

Hurbileko jaki guztiek sor marka bat dute (A.O.C, BIO, Idoki). "Guk ez genuen kontrol zerbitzuan lan egin nahi, beraz, ezarri genuen derrigorrezko irizpidea labela edukitzea izan zen", azaldu du Mendiburuk. Horrez gain, beste eskualdeetatik ere produktuak ekartzen dituzte, gasna egileak aitortzen duen moduan, "irizpideak betetzen dituzten ahalik eta produktu gehien izan nahi ditugu-eta".

Denetik aurki daiteke Hurbil dendako apalategietan, hots, detergentea, edariak, barazkiak, pasta, bixkotxak edo etxean eginiko plater goxoak kasu. Eta prezioak ere ohikoak baino apalagoak dira, ez baita bitartekaririk: laborariek haien prezioan ezartzen dituzte mozkinak. Hala ere, Mendibururen iritziz, "ez da aski", eta gogoeta egiten du: "Eskaintza zabaldu nahi dugu, batez ere fruitu eta barazkiekin, eta horretarako Nafarroako zenbait produktu eskuratu nahi genituzke".