Bixente VRIGNON
Capture_d_e_cran_2016-12-01_a_12
Br-exit, Kataluni-on

IRITZIA- Kataluniako gaurkotasunaz hausnartu du Bixente Vrignonek. Europako jarrera eta erantzuna ikertu du batez ere kazetariak. "Polizi edo armada igortzea Kataluniako Estatuko indarren kontra, arduradun politikoen presondegiratzea, horrek Kataluniarekiko elkartasuna azkartuko du", aipatu du.

2017/11/07 17:30 | 0 iruzkin

Herri bakoitzaren aferak baino haratago, Erresuma Batua, Eskozia, Espainia eta Katalunia baino haratago, Europaren etorkizuna jokoan da, egun hauetan bizitzen ari diren krisiekin. Eta kuriosoa da ikustea nola, alde batik, Europar Batasunak absolutuki bere barnean atxiki nahi zuen Erresuma Batua, (bere lurraldearen zatiketa onartzen duen Estatu bat); eta beste alde batetik bere barnean sartzea nola zorrozki debekatu nahi dion Kataluniari, honek zazpi ahalak egiten dituelarik bere maitasuna aitortzeko Europar Batasunari.
 
Europar Batasuna, nahitaez, Estatuen Europa da. Hau da, Estatuek dutela sortu, hastapenetik Alemaniak, Benelux-ek, Frantziak eta Italiak, eta beste Estatuek, banan-banan ahaztu dutela, eta Estatuen interesak babesteko pentsatua da lehenik. Pragmatismoz.

Horrek ez du kentzen Europa amets bat izan dela, eta izaten jarraitzen dela, herri minorizatuendako, baina amets hau gaur egun existitzen den Europar Batasunarekin ez da nahasi behar. Estatuek eraikirik, Estatuen logika segitzen du. Ez da harritzekorik beraz, Kataluniako independentzia adierazpena kondenatzen duelarik. Alde batetik arazo berdina duten Estatuek, beren barne interesak defenditzen dituzte, arazo hau ez duten Estatuek elkartasun interesatu bat erakusten dutelarik, horrelako "batasun" batean, bakoitzak bere ekitaldiak botere gehiago lortzeko baliatzen dituelako. Normala da eta horrela da gudua kokatzen arlo politikoan. Ezen Europar Batzordeak aitzinean ematen dituen argudio ofizialak, gehiago umore edo zirku arloan kokatzekoak direlako. Jean-Claude Juncker-ek Europar Batzordeko buruak "95 estatuetako Europa bat ez dut nahi" dioelarik, ahanzten du menturaz bera Luxenburgotarra izanez, salbuespen baten abantailaduna dela. Bere logika segituz, bere herria aspaldidanik Belgikaren barnean sartua izan beharra litzateke, eta Belgika bere aldetik, Herbehereen barnean. Eta bere herria, Luxenburgo, kondenatua izan beharko litzatekeela, egiazko diru aspiradore bat izateagatik, beste herrien fiskalitatea apurtzeagatik, eta diru desbideratze handienak laguntzeagatik, langile, laguntza sozial, eta politika publikoen kalterako.
 
Problematika ez baldin bada ideien terrenoan ematen, zaila da gertatzen ari dena ulertzea. Dudarik gabe, bi proiektu politikok batak bestearen kontra talka egiten dute, eta zernahi gerta, Kataluniako krisiatik eta Brexit-etik, beste Europa bat aterako da.

Nahiz eta loturarik ez izan bi krisa horien artean gertakarietan bederen, Europar Batasunak orain paraleloki kudeatu behar ditu. Eta bi kasu horietan, irudien gerla bat da ere. Europar Batasunak, Erresuma Batuari ez baitio uzten ahal sinestarazi garaile aterako dela Brexit-etik: beste herriendako, gomita argi bat litzateke EB-tik ateratzeko, beren iritzi publikoen arabera. Hain erreza baita gero, hauteskundeetako kanpaina bat eramatea erranez Europak bekatu guziak badituela norberaren hautesleagoa azkartzeko... hil ala biziko apustu bat da EB-rendako. Ahuleziako aitormen bat litzateke, Ekialdeko Europako gobernuen aitzinean, enbeia gogorra dutela Ingelesen politika segitzea: Europa leihatila bat litzateke, bakoitzak erabiltzen duena bere barneko interesen arabera.
 
Era berean, EB-k ezin du Espainia utzi Kataluniako krisia kudeatzen Estatuko bortizkeria erabiliz. Zaila litzateke gero, askatasun indibidualen errespetuari buruz, oharrak egitea Polonia edo Hungriari. Demokratikoki hautatua izan den Parlamentu baten kontra, aldakorra den bortizkeria baten erabilpena zaila da justifikatzea. Horrek erran nahi luke denbora uztea Espainiari, baina Espainiak ez du denborarik. Egoera den bezala uztea, Mariano Rajoy-endako litzateke bere ezintasunaren aitortzea, bere burua gutxiestea iritzi publiko espainolaren aitzinean, eta kontrakoen botere sinbolikoaren azkartzea. Zeren dudarik gabe, Kataluniako Errepublikak bere Estatua eraikiko du. Polizi edo armada igortzea Kataluniako Estatuko indarren kontra, arduradun politikoen presondegiratzea, horrek Kataluniarekiko elkartasuna azkartuko du. Frantziak, Alemaniak, Europako herri inportantenek ez dute tutik erranen, bederen lehen denbora batean. Baina beste herri klase batzuk badira: alde batetik, batzuentzat oinarrizko eskubideen errespetua kontatzen du anitz; eta beste aldetik, erreferendum eta demokraziako ikasgaiak jasan dituztenak, Europaren partez. Horiek ez dute ona eta txarra pisatu oraindik. Madrileko urrats oker bakar bat, eta hasiko dute Kataluniako Errepublikaren aitortzea: Finlandia, Norvegia, Danimarka edo Estonia. Eta Errusiak, plazer handi batekin kokatuko luke arantza bat Europako zangoan, EB-k kondenak jarri zaizkiolarik Ukrainia eta Krimearengatik.

Egoeraren aldaketaren arabera, beste Europa bat sortuko da. Edo autoritarismo gehiagorekin: bermatuko duena herri bakoitzak bere barneko aferak kudeatzen ahal dituela Batasunaren parte hartzerik gabe, errepresioa gogorra izan ala ez. Estatu (autoritario ala ez) batuko dituen Batasun bat, prest kario pagarazteko Erresuma Batuari Brexit-eko bidearen idekitzea. Muskuluak erakutsiko dituenak bide hau segitu nahiko duen herriari.

Edo oinarrizko askatasun eta eskubideak onartzen dituen Europa bat. Horrek nahiko luke Kataluniako krisia molde ezti batez kudeatu, eta presioak egingo lituzke Madrilengan, indarra ez erabiltzeko. Sartzeko ate bat idekirik utziko luke Kataluniaren ametsaren alde, bere Cataluny-on lortu dezan. Europar Batasun batek legitimitate gehiago ukango lukeela, elkartasun sozial eta ekonomikoa aipatzeko bere barneko gobernu desberdinei, eta Theresa May-ri, herri bakoitzaren zikoiztasuna erabiltzen duena. Catalunyako krisa elkartasun sozialaren atea idekitzen du.

Europan bederen