Arrokiagako etxalde bat erosteko diru bilketa hasi du Lurzaindiak

Arrokiagako etxalde bat erosteko asmoz diru bilketa abiatu du Lurzaindiak. Orotara 71.200 euro lortu behar ditu.

Maite UBIRIA BEAUMONT|2017/11/02 09:13
Lurzaindia2
Anne Lavisek 10 urte eraman ditu jadanik lanean Arrokiagako Eskanda etxaldean. ©Christophe De Prada

Crowfunding-a modan jarri baino urte dezente lehenago asmatu zuten Ipar Euskal Herriko laborariek aurrezki herrikoia sustatzeko eredua.

Hartara, Lurzaindia elkarteak bi eginkizun betetzen ditu tokiko laborantza babesteko bidean. Alde batetik, espekulazioari aurre egiteko asmoz, «lehentasunez erosteko eskubidea» baliatzeko galdegiten dio aldiro Safer egiturari lurraren prezioan eragiteko. Bestetik, laborantzako lurren erosketa ahalbidetzen du, laborarien jarduerak babestuz.

Gara egunkariak azaldu duenez, aurtengo helburu nagusia, Zuberoan, Arrokiagan, kokatu du Lurzaindiak. 2006an heldu zen Arbaila eskualdeko herrira Anne Lavis, jatorriz valoniarra den laboraria. Eskanda izeneko etxaldea alokairuan hartu zuen, eta gaur egun 50 bat ahuntz ditu eta 13.000 litro esne ekoizten ditu urtero. Esne kopuru horren %30 gasna egiteko baliatzen du; gainerakoa, esnekiak ekoizteko.

Hamarkada bat lanean gogor eman ondoren, ordea, bere gaztandegia arriskuan ikusi du Lavisek, jabeak lurra saltzeko asmoa agertu baitu. Hori horrela, laborantza lurrak espekulazioaz babesteko sorturiko Safer egitura publikoaren esku hartzea galdegin du Lurzaindiak. Horren ondotik, lursailaren jabearekin akordioa erdietsi eta «laborantza herrikoiaren baloreak atxikitzen dituen» Lavisen instalazioa eskuratzeko aurrezki bilketa abiatu du elkarteak, etxaldea erosteko xedez ondoko asteotan 71.200 euro biltzeko erronka finkatuz.

GFAM Lurrak egindako lanari segida emateko sortu zen, 2013. urtean, Lurzaindia. 70eko hamarkadan euskal laborariek bultzaturiko egiturak egin bezala, aurrezkiaren eredua landu du geroztik. Bere sorreratik honat 374 hektarea lur babestu eta 20 etxalderen segida bermatu du  3.000 akziodun baino gehiago dituen elkarteak. Era berean, lurrik ez zeukaten 29 laborarik beraien esplotazioen segida bermatu dute elkartearen eskutik jasotako laguntzari esker.

 

 

 

Erosketa kolektiboa bultzatu laborantza lurrak atxikitzeko


Espekulazioak duen eragina ahantzi gabe, lurra erosi ahal izateko beharrezkoak diren bermeak lortzea lan nekeza da laborari askorentzat. Hori dela eta, lurraren erosketa kolektiboa irtenbide egokia dela uste du Lurzaindiak.

Tokiko laborantza iraunaraztea, ingurugiroa zaintzea, elikadura osasuntsua bultzatzea.... Arrazoiak ez dira falta elkartasuna ardatz duen aurrezki eredu horrekin bat egiteko, eta dagoeneko 3.175 herritarrek eman dute urratsa. Hori bai, lan eremua zabaltzeko harpidetza kanpaina berria abiatu du Lurzaindiak. Ekimena babesteko, azaroaren 11n, Ozazen, espekulazioari aurre egiteko jardunaldia antolatu du Goxoki taldearen laguntzarekin “Armistiziorik ez” lelopean.

Bestalde, orain arteko ibilbidea ezagutarazteko, bere webgunean mapa ezarri du elkarteak. Armendaritze, Bastida, Ahurti, Domintxaine... kolektiboki erositako lurren kokapenak bertan jaso dira. Ez da ahantzi behar, ordea, herri izenen eta hektarea kopuruen atzean Anne Lavis valoniarra bezalako euskal laborariak direla.