Haritz LARRAÑAGA

"Alarma soziala", Lan erreformari aurre egiteko LABek eratu duen protokolo berria

Emmanuel Macronen erreformari aurre egiteko protokolo bat eratu du LAB sindikatuak Ipar Euskal Herrian. Hitzarmen kolektiboa errespetatzen ez duten enpresetan, erreforma desaktibatzeko xedea du "Alarma Soziala" deituriko protokoloak.

Alarma Soziala zer den jakitera emateko kanpaina aurkeztu zuen LABek urriaren 27an. ©Isabelle Miquelestorena
Alarma Soziala zer den jakitera emateko kanpaina aurkeztu zuen LABek urriaren 27an. ©Isabelle Miquelestorena

Macron lan erreformari aurre egiteko tresna berri bat jarri du martxan LAB sindikatuak, Alarma Soziala; "hitzarmen kolektiboa baino ahulagoa den akordioren bat ezarri nahi duten enpresei erantzuteko bitarteko bat da", adierazi zion GARAri Eñaut Aramendi Ipar Euskal Herriko LABeko bozeramaileak.

Baionako Merkataritza Ganberaren egoitza aurrean egin zuten aurkezpen publiko batekin abiatu zuten Alarma Soziala zer den jakitera emateko kanpaina joan den ostiralean. Aste honetan, berriz, panfleto banaketa zabala egiten ari dira; "enpresaz enpresa, terrenora bertara goaz jendeari esplikatzeko alarmaren sistema existitzen dela", eman zuen aditzera Aramendik.

LAB sindikatuaren webgunean (ieh.lab.eus) "gure manifestua" sinatzen duen orok Macronen legearen kontrako ekimenetan parte hartzeko prestasuna agertzen du. Horrela, Macronen erreformaz baliatuta hitzarmen kolektiboa urratu nahi duen edozein enpresarik beste lantokietako kideez osatutako «bloke sozial» bat izango du parean.

Alarma Sozialaren protokoloa

Protokoloak nola funtzionatzen duen azaltzeko adibide bat jarri zuen sindikalistak: "Zahartasun prima kentzen duen akordio bat ezartzen dute enpresa batean. Langileek alarma klikatzen dute gure webgunean, beren lantegietan hitzarmen kolektiboa betetzen ez duen akordioa ezarri nahi dela esateko, eta LABek protokoloa abiatzen du bidezkoa ez den akordio hori geldiarazteko".

Lehen urratsa arazoa non gertatzen den jakiteko langileekin biltzea da. Bigarren urratsa, lantoki horretan beste sindikaturik bada, haiekin hitz egitea litzateke. Eta hirugarren urratsa, enpresako nagusiekin biltzea da. Aramendiren esanetan, "helburua, bilera horietan hitz eginaz alarma desaktibatzea da".

Aldebiko bilkurek emaitzarik ematen ez badute, bigarren etapa pizten da. "Ez bada hitzez lortu, enpresa blokeatzen dugu. Hori elkartasun harresi sozial baten bitartez egiten da. Enpresa blokeatzera kanpotik joango gara, akordioa bertan behera utzi arte", jakinarazi zuen sindikatuko bozeramaileak.