Xan Idiart

Gurin eskasiarik ez dela diote laborari gazte zenbaitzuek

Gurina lehen bezainbat badela dio “Jeunes Paysans 64” sindikatuak. Bere kideen ustez, banatzaileek ez dute behar den prezioan erosi nahi.

Laborarien gurina defendatu dute Paueko E.Leclerc saltegian. © Jeunes Paysans 64
Laborarien gurina defendatu dute Paueko E.Leclerc saltegian. © Jeunes Paysans 64

Aratxe batekin joan dira Paueko E. Leclerc saltegira “Jeunes Paysans 64” sindikatukoak urriaren 30ean. Gurinaren krisia salatu nahi izan dute, hain zuzen ere, krisirik ez dagoela erranez. Banatzaileek ez omen dute prezio egokian erosi nahi.

“Sei hilabetez, 2.000 eurotik 7.000 eurora igo da gurinaren tonaren prezioa” azaldu du sindikatuko lehendakaria den Iban Pebet duzunariztarrak. “Igoera hori esplika daiteke, gurina arrakastatsua baita nazioartean”. Txinak, adibidez, gero eta gehiago maite omen du gurina.

Banatzaileek, prezio hori ordaindu nahi ez dutenez, okinak bezalako pertsonek prezio apalean diren gurin industrialak erosi behar dituzte nahitaez, besterik ez delako. Horregatik azken egunetan, gurina falta zen eta falta da oraindik zenbait saltegitan.

Kalitatezko gurina

Gurin industriala ez dela kalitatezkoa dio Iban Pebetek. Laborariena aldiz bai bere ustez. “Bien artean hautu bat egin beharko dute laster banatzaileek”. E. Leclerc-en gurutzatu duten jendea laborariak sustengatzen dituela aitzinatu du batez ere.

Urte bukaera baino lehen, gurinaren prezioaren inguruko kontratuak berrituko dituzte. Estatu frantseseko banatzaileek prezio egokia ezarri ezean, atzerrian salduko dutela beren mozkina mehatxatu du Iban Pebetek. “Nehor ez da kontentuko horrekin, baina hori egin behar baldin bada, eginen dugu”. Gurinaren prezioaren igoerak ez lukeela anitzez bertako kontsumitzailea hunkiko gehitu du duzunariztarrak zenbaki finkorik eman gabe.