Iurre BIDEGAIN

Estatu espainiarrean kondena betetzear dagoen preso bat epaituko dute Parisen

Badira hamar urte Estatu espainiarrean preso dagoela Aritz Arginzoniz. Estatu frantsesean 2007ko lapurreta batean parte hartzea leporatzen diote. Hori dela eta, otsailean askatu behar duten elorriotarra abenduaren 18tik 21era epaituko dute Parisen. Bere egoera salatzeko "Aritz Arginzoniz, sustarretatik atara barik" lemapean ekimena abiatu dute senide eta lagunek.

Aritz Arginzoniz presoaren senide eta lagunek prentsaurrekoa eman dute Elorrion. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Aritz Arginzoniz presoaren senide eta lagunek prentsaurrekoa eman dute Elorrion. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Aritz Argizonizen kasua ez ohikoa eta "salagarria" dela azpimarratu du Xantiana Cachenaut abokatuak. 2007an Estatu espainiarrean atxilotu zuten eta hamar urteko kondena agindu zioten elorriotarrari. Estatu frantsesean atxilotu zuten garaiko lapurreta batean parte hartzea leporatzen dio justizia frantsesak. Kondena osorik betetzear dagoen Argizoniz, Aitzol Iriondorekin batera, epaitua izanen da abenduaren 18tik 22ra.

Estatu frantsesak lehen estradizio eskaera bat egin zion Madrili 2016an. Onartu eta, Laurence Le Vert epailearen aitzinetik pasatu ahal izateko, bost hilabetez Fleury Merongisen kartzelatu zuten Aritz Argizoniz.

Askotan kontrako zentzua duten eskaerak egiten dituztela aipatu du elorriotarraren abokatua den Cachenautek. Haatik, lehen aldia da espainiar estatuan kondena osorik betetzear dagoen preso bat beste herrialde batean zigortua izateko arriskuan dagoela.

Abokatuaren erranetan, Estatu frantsesak kondenatzen badu "Nazioarteko konfusioa" eskatzen saiatuko dira. Hau da, bi herrialdeetako kondenak batzea, batak bestea kontutan hartzea. "Lehen aldia da horrelako eskaera bat eginen dugula. Lortuz gero, Estatu frantsesean agindutako kondena bete beharko luke soilik espainiarrekoa baino handiagoa bada", azaldu du Cachenautek. Adibidez, hamalau urteko kondena agintzen badio justizia frantsesak, bi urte geldituko litzaizkioke euskal presoari.

"Argumentu asko ditut borrokatzeko. Arazoa da frantsesek espainiarren iritzia dutela parean. Nazioarteko konfusioa erabaki marko batean oinarritzen da. Horrek Europako beste herrialde batean harturiko erabakiak kontutan hartzea aurreikusten du", aipatu du. Orain arte, Estatu frantses zein espainiarrek irizpide hori txarrerako soilik baliatu dutela deitoratu du abokatuak. "Prokuradorea kontra dugu, baina espero dut zuzenbidea gure alde izatea", erantsi du Xantiana Cachenaultek.

"Aritz Arginzoniz, sustarretatik atara barik"

"Baldintzatzen jarraituko gaituzte baina ozen eta argi esan nahi dugu guk, senide eta lagunok ankerkeria honen aurrean aurrera egiteko asmo irmoa dugula eta espetxe politikak jartzen dituen muga berrien aurrean salaketa egiten eta gure senide eta lagunak babesten jarraituko dugula. Eta hemendik, Elorrioko herritarrak eta gainontzeko euskal herritarrak ere gurekin bat egitera deitu nahi ditugu, herriaren esku baitago espetxe politika honekin amaitzeko eta gatazkaren konponbide gauzatzeko giltza", adierazi dute.

Xede horretara heltzeko, "Aritz Arginzoniz, sustarretatik atara barik" lemapean ekimena abiatu dute senide eta lagunek. Ildo horretatik, azaroaren 26an manifestazio bat antolatu dute Elorrion. Horrez gain, epaiketarako Parisera bidaiatuko dutela iragarri dute.