Idoia ERASO

Dacosta eta Stammelen artea "Hausturak" erakusketan baturik

Josette Dacosta eta Barbara Stammelen lanak elkartu dituzte Biarritzeko Santa Eugenia kripta ederrean. Azaroaren 12ra arte ikusgai dauden obrek baten abstrakzioak eta bestearen lan figuratiboa islatzen dute. Bi artisten lanak batzean, lan molde eta artearen ikuspegi antzekoak atzeman daitezke.

Duela bederatzi urte ezagutu zuten elkar bi margolariek, eta geroztik elkarren ondoan ibili dira.
Duela bederatzi urte ezagutu zuten elkar bi margolariek, eta geroztik elkarren ondoan ibili dira.

Kriptaren erdiko nabean bi artisten obren arteko elkarrizketa atzeman dezake bisitariak, Stammelen erretratuak Dacostaren paisaia koloretsuei begira. "Hainbat angelu daude non elkarri begira jarrita gauden", azaldu zuen Getarian bizi den margolari alemanak erakusketaren aurkezpenean. Erakusketa honi begira sortu ditu “Hilde” izeneko erretratuak biltzen dituen seriea. Parean, Donibane Garazin bizi den sortzailearen izenik gabeko margoen koloreen indarra. Horien artean erakusketari izena ematen dion 2015eko “Ruptures-Hausturak”, Garako artikuluak azaldu duenez.

Erpinetan bi margolarien obra handiek elkarri begiratzen diote. Dacostak Santa Eugeniako erakusketaren karietara sortutako “Atelier effervescent” tailer eferbeszente iragankorra, bere sormen lekuaren berreraikuntza bat da. Eta horren gainean “Explosion” handiaren eztandak autobus geltokietan jarritako afixak ditu oinarri. Hain zuzen ere, "afixek Euskal Herrian gertatzen denaren memoria biltzen dute: festak, manifestazioak, aldarrikapenak...".

Horren aurrean, Stammelen bi obra handi erantzun gisa, lurrean hiru baloi dauzkaten bi haur futbolari. Obra horien atzean futbolaren munduaren kritika bat atzeman badaiteke ere, sortzaileak berak "aurpegiak eta sentikortasuna" soilik adierazi nahi izan dituela baieztatu zuen. Zentzu horretan, honakoa azaldu zuen: "Ez naiz ni sistemaren kritikari handi bat, baina horrelako gauzak ere transmititzen dira. Aldaketaren lehen gunea gu gara, eta hortik aurrera hedatzen da".

Berdin eta ezberdin

Bi margolarien obrei lehen aldiz begiratzean antzekotasunik atzematea zaila bada ere, bi artistek elkartzen dituzten gauzak nabarmendu zituzten; "lanean aritzeko antzekotasunak" bereziki. Lehenik lan egiteko tresna diren margoak sortzeko era aipatu zuten, biek margoak erosi beharrean olio eta pigmentuarekin sortzen baitituzte.

Dacostak "elkarrekiko estimulazio artistikoa" ere aipatu zuen aurkezpenean. Stamelek, berriz, "bestearen lanak norberarena aberasten" duela.

Elkarrizketa artistiko horrez gain, margolari bakoitzaren munduan sartzeko kriptaren nabe bana eskaini zaie. Txoko batean Dacostaren ibilbidea ulertarazteko tresnak ematen dituzten obrak aurki daitezke. Margolaria kide duen Itzal Aktiboa elkartearen eskutik, arte figuratiboan ari zen garaiko bideo bat ikus daiteke, baita garai horretan inspirazio iturri izan zuen Bersaitsia baserriaren margoa ere. Denboran salto egiteko aukera ematen duen gunea ere bada, paleta berri batera eraman duten azken hilabeteotan artistak Lanzaroten egindako obrak ere bildu baitira.