Kazeta

Interkonexio elektrikoaren proiektuak "suntsitzaileak" direla salatu du CADEk

Estatu frantsesa eta espainiarraren arteko interkonexio elektrikoa gauzatuko lukeen egitasmoa aztertzen ari dira Estatuak. Blayais zentral nuklearretik abiatu, Bordele iparraldetik, Gatikan (Bilbotik hurbil) bukatu beharko luke lineak. CADEk proiektua salatu du eta ingurumenarentzat kaltegarria izan daitekeela nabarmendu du.

CADEren aburuz, ingurumena kaltetuko luke proiektuak. ©Bob EDME
CADEren aburuz, ingurumena kaltetuko luke proiektuak. ©Bob EDME

Interkonexio elektrikoari buruzko egitasmoa "alferrikakoa" dela dio CADEk. Datuak mahaigaineratu ditu bere iritzia argudiatzeko. Hala nola, elektrikaren ekoizpenarenak. Elkartearen erranetan, duela urte batzuk Estatu frantsesak zein espainiarrak soberakina duen elektrizitate ekoizpena dute. Estatu frantsesean badira sei urte elektrizitatearen kontsumoa ez dela emendatu. Estatu espainiarrean kontsumoa %11a jaitsi da 2008 eta 2014 urteen artean.

"Behargabekoa eta suntsitzailea" den proiektua dela azpimarratzeaz gain, horrek izanen lituzkeen eraginak azaldu ditu erakundeak. Lur azpiko linea baten eraikitzeak Medocen obra esanguratsuak eskatuko lituzke. Ibai batzuetan dauden metalak mugitzen ahalko lituzkete lanek. Horrez gain, populakuntzari kalte eginen liokeen kutsadura eragiten ahalko luketela uste du CADEk. Gaskoinia aldean, linea itsas azpitik pasatzearen egitasmoak arrangurak sortu ditu arrantzaleengan.

Hiru proiektu, orotara

Blayaiseko zentral nuklearrak linea hornituko luke. Oroitarazi behar da Braud-et-Saint-Louis herritik hurbil dagoen zentrala hemendik urte batzuetara hetsi beharko luketela. Egitasmoaren kontrakoek beldur dute proiektua dela eta, zentrala luzaz idekirik mantentzea.

Aipaturiko proiektuaz gain, beste bi aurreikusi lituzkete. Lehena Morcenx (Landeetan) eta Arnegiren artean (Baxe Nafarroan) kokatuko litzateke. Bigarrena, ordea, Marsillonetik (Paue) Aragoira hedatuko litzateke.