Iurre BIDEGAIN

Michel Dendarieta Aldudeko auzapeza zendu da

Aldudeko auzapeza den Michel Dendarieta zendu da urriaren 24an. Aldudeko herriaren alde "bihotz oneko gizonak" egin zuena goraipatu du Michel Ernaga Urepeleko auzapezak.

Michel Dendarrieta, eskuinetik hasiz, lehenengoa. ©Erran.eus ataria
Michel Dendarrieta, eskuinetik hasiz, lehenengoa. ©Erran.eus ataria

Michel Dendarieta Aldudeko auzapeza zendu da urriaren 24an, 62 urte zituelarik. Ehorzketak urriaren 28ean iraganen dira, 15.00etan Aldudeko elizan.

Michel Ernaga Urepeleko auzapezak hurbiletik ezagutzen zuen Dendarrieta. Adin berekoak izanki, tipi-tipitik elkar ezagutzen zirela azaldu du Ernagak. "Bere heriotza dela eta, hunkituak gara. Egun guziz elkar ikusten genuen. Bihotz oneko gizona zen", aitortu du.

Herritarrekin harremanetan izatea anitz maite zuela ohartarazi du urepeldarrak. "Bere herria maite zuen. Bilkuretan beti Aldude defenditzen zuen, horren lekukoak izan gara", gehitu du.