Kronika
 
A-ren B eguna

BERTSOA- Ohikoa den formatutik urrundu eta bertso berezi bat eskaini du gaurkoan Odei Barrosok. Lana, poztasuna, egunerokotasuna... aipagai bertsolariaren ekarpenena.

Odei BARROSO|2017/10/20 16:40|0 iruzkin
Fotoefectos
Odei Barroso iruditan.

Doinua : Aldeiturriaga

Horren goiz jeikitzeaz aspertu naiz, tira,
presaka joan behar dut berriz lantokira.
Berriz lantokira
aspertu naiz, tira…
Eskaleak aspaldi iratzarri dira.

Lana utzi nahi nuke eta ongi pasa,
itsasontzi batean lasai nere kasa.
Lasai nere kasa
eta ongi pasa…
Irratian entzun dut langabezi-tasa.

Nik eskua ez daukat odolez bustia,
leihotik ikusten dut itsaso guztia.
Itsaso guztia
odolez bustia.
Gaur denentzako ez da irten eguzkia.

Dudan tixerta salgai dago bi eurotan,
jantziekin pasa dut eguna borrokan.
Eguna borrokan
dago bi eurotan
Inditexek Indian dun fabrika hortan.

Belarritik zintzilik dut mugikor fina
gaur madarikatu dut nere errutina.
Nere errutina
dut mugikor fina
Afrikan hartutako koltanez egina.

Amets berri bat berriz bete dut korrika:
erosi berri baitut nere auto polita.
Nere auto polita
bete dut korrika,
bere ezantza nundik datorren ahantzita.

Kartan jartzen zuenez ziren etxekoak
jatetxean jandako tomate freskoak.
Tomate freskoak
ziren etxekoak
Monsantoren hazitik ateratakoak.

Nere azken txekeak jan ditu inposak
iturri emankorrak emandako sosak
Emandako sosak
jan ditu inposak
ordaintzeko gerlako militar arrotzak.

Lan bat izanagatik ez ote naiz pozten?
Lan orduak kontatzen, oporrak adosten…
Oporrak adosten
ez ote naiz pozten?
saldutako denbora berriro erosten.

Gaua da eta hobe ametsetan sartu.
Egin gabeko oheko burukoa hartu.
Burukoa hartu,
ametsetan sartu…
Eskaleak oraindik ez dira lokartu.