Iurre BIDEGAIN

Bidaxuneko hiru ahate hazle jendarmeriarat deitu dituzte

Bidaxuneko Lataillade familiako hiru kide Bastidako jendarmeriarat deitu dituzte urriaren 17an. ELB sindikatuak deiturik, sostengua helarazteko eta administrazioaren "gehiegikeria" salatzeko, elkarretaratzea egin dute jendarmeriaren aitzinean.

Gendarmeriaren aitzinean elkarretaratzea burutu zuen ELBk urriaren 18an. ©Isabelle Miquelestorena
Gendarmeriaren aitzinean elkarretaratzea burutu zuen ELBk urriaren 18an. ©Isabelle Miquelestorena

Ekainean prefekturak Bidaxuneko Lataillade etxaldeko ahateak hiltzeko agindua eman ondoren, ahatekume guztiak salbatu zituen ELB sindikatuak. Gertakari horiek direla eta, familiako buraso eta semea Bastidako jendarmeriarat deitu zituzten urriaren 17an. Hiru ordu inguruz galdekatu zituzten bitartean, ELBk deiturik, elkarretaratzea egin zuten.

Panpi Sainte-Marie sindikatuko bozeramaileari ekoizleak deitu izana "harrigarria eta ulertezina" iruditu zaio. Azpimarratzekoa da semea jadanik galdekatu zutela jendarmeek. "Larderia hutsa da, errepresioa familia horren kontra. Bai jendarmeen aldetik, baita administrazioaren aldetik ere", deitoratu du.

Mila ahatekume inguru etxaldetik atera zituztenez geroztik familiak pairatu behar izan duena salatu du Sainte-Mariek. Administrazioak traba anitz ezarri dizkiola ohartarazi du. "Hamabost egunero animaliei pikurak egiten dizkiete. Haien kontrako tratu-txarra da. Aski da", aipatu du sindikalistak.

ELBren aburuz, Biztanleriaren Babeserako Departamenduko Zuzendaria afera horren gibelean da. Sainte-Mariek apirilean Gabadi, Domintxine eta Barkoxeko hiru etxaldeetan kabalak hil nahi zituela gogora ekarri du. "Ezin izan zituen hil mobilizazioari esker salbatu genituelako. Mendekua hartzen ari da", erran du.

Familia eta saila babestu

Oroitarazi behar da, analisiek ahateak sanoak zirela frogatu ondoren, etxaldetik atera eta adoptatzeko deia luzatu zutela. Lehen adopzioak uztailaren 21ean egin zituzten. "Ahatekumeak etxaldetik atera ondoren, leku segur batera eraman genituen. Hiru aste beranduago administrazioa gonbidatu genuen analisiak egin zitzan. Denen emaitzak negatiboak izan ziren. Aferak horretan bukatu behar zuen", ohartarazi du bozeramaileak.

Familiari elkartasuna adierazteaz gain, ELBk ahate saila defendatu nahi du. Bere erranetan, ekoizle anitzek Lataillade familiari ahatekumeak saltzen dizkiote beren etxaldeetan hazteko. "Hori da defendatzen dugun laborantza eredua", azpimarratu du.