Kazeta

155. artikuluari ekingo dio Gobernu espainiarrak

Kataluniako independentzia ez duela deklaratu oraindik argitu du Carles Puigdemontek. Haatik, Gobernuak elkarrizketa oztopatzen eta errepresioaren bidetik segitzen badu deklarazio "formala" bozkatuko duela iragarri du. Gobernu espainiarrak 155. artikulua ezartzeko prozesuarekin segitu eta Ministroen kontseilua antolatu du larunbaterako.

Carles Puigdemont, Generalitateko presidentea.
Carles Puigdemont, Generalitateko presidentea.

Carles Puigdemontek gutun berri bat helarazi dio Gobernu espainiarreko presidenteari, Mariano Rajoyk inposatutako bigarren epea errespetatuz. Elkarrizketa ukatzen eta errepresioarekin erantzuten segituz gero, Kataluniako Legebiltzarrak independentzia deklarazio "formala" bozkatuko duela jakinarazi dio. Ministro kontseilua etzi bilduko dela iragarriz erantzun dio Gobernuak Puigdemonti. 155. artikulua plantan emateko erabakiari eutsi dio.

Larunbatean iraganen den Ministro Kontseiluan 155. artikulua ezartzeko hurrengo neurriak hartuko dituzte. Oroitarazi behar da, Konstituzioaren artikuluari esker Estatuak bere gain hartuko lukeela Kataluniako autonomiaren ardura. Haatik, Senatuak artikuluaren aplikazioa onartu behar du. Nabarmentzekoa da PPk gehiengo absolutua daukala Senatuan.

Kataluniako independentzia ez dela oraindik deklaratu onartu du Puigdemontek Gobernu espainiarreko presidenteari bidalitako gutunean. Urriaren 10eko osoko bilkuran erreferendumaren emaitzak aztertu eta herri agintearen ondorioak etetea erabaki zuela gogora ekarri dio katalanak.

Puigdemontek erabakia hartu zuen Gobernu espainiarrarekin negoziaketak abiatzeko, baina errepresioarekin erantzun duela deitoratu du. Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko lehendakariaren atxiloketei erreferentzia egin die Puigdemontek.

Goizeko 10.30ak aldera, Iñigo Mendez de Vigo Gobernu espainiarreko bozeramaileak hitza hartu du Kataluniako presidenteari erantzuteko. Berriz ere, Generalitatearen jokabidea gaitzetsi eta "ordena konstituzionala berrezartzeko" Gobernuak baliabide guztiak jarriko dituela azpimarratu du.