Kazeta

Philippe Denys: "Kontagailuen aldaketa ezinbestekoa da"

Philippe Denys Enediseko Pirinio Atlantikoetako zuzendariak kontagailu elektrikoen proiektua defendatu du. Kontra direnen kezkei erantzun ondoren, gaur egun instalazioa "lasaitasunean" pasatzen ari dela erran du.

Philippe Denyse Enedis enpresako Pirinio Atlantikoetako zuzendaria.
Philippe Denyse Enedis enpresako Pirinio Atlantikoetako zuzendaria.

Linky kontagailu elektronikoen kontrakoek mobilizatzen segitzen duten bitartean, Philippe Denys Enedis enpresako Pirinio Atlantikoetako zuzendariak egitasmoa defendatu du. Gailu adimenduek osasun arazorik sortzen ez dutela nabarmentzeaz gain, bezeroen datu pertsonalak ez direla zabalduko gaineratu du. Horiek baitira proiektuaren kontra daudenen kezka nagusiak eta hala adierazi zuten urriaren 12an Baionan egindako elkarretaratzean.

Stop Linky kolektiboak deiturik, protesta burutu zuten herriko etxearen aitzinean. Parte hartzaileek Jean-René Etchegaray Baionako auzapeza eta Euskal Elkargoko lehendakariari kontagailuen instalazioen kontrako erabakia hartzea eskatu zioten. Oroitarazi behar da Iruri, Ozaze-Zuhara eta Hauzeko auzapezek Linky kontagailuei buruzko erabakiak hartu eta bertan behera utzi zituela Paueko auzitegi administratiboak.

Kontagailuen instalatzea. Philippe Denysek erran duenez, kontagailuen aldaketa "ezinbestekoa" da. Arrazoi teknikoei aipu eginez, energia kontsumitzeko ohiturak kontutan hartzeko beharrezkoak direla uste du. Halaber, legeak aldaketa aurreikusi duela erran du zuzendariak. Bezero batzuek instalatzea bortxatua izan dela salatu dutela aipatzerakoan, horrek ez duela proiektuaren izpirituarekin bat egiten nabarmendu du. Hala izanez gero, enpresarekin harremanetan ezartzeko deia zabaldu du.

Datu pertsonen erabilpena. Kontagailuen kontra agertu direnen beste kezka bat datuen babesa da, hots, bizi pribatuaren babesa hobesten dute. Kontagailu berriek etxeko kontsumo elektronikoaren informazioa zuzenean pasako diote Enedisi, baina horiek baimenik gabe ezin direla zabaldu azpimarratu du Denysek. Funtzionamendua kontagailu zaharrek zuten bezalakoa dela erran du. "Helaraziak diren datuak kontsumoari buruzko datu orokorrak dira, baina horrek ez du ahalbidetzen jakitea zein den erabilitako gailua, zein ordutan...", erantsi du.

Osasuna. Linky kontagailuek lehenengoek emititzen duten uhin kopuru berakoak direla azaldu du zuzendariak. Gaian adituak diren erakundeek frogatutako zenbakiak direla dio, hala nola, Anes instituzioa. "Garbiki erraten dut: osasunarentzat ez du inolako arriskurik", gehitu du.

Proiektuaren gaur egungo egoera. Gaur egun instalazioa "biziki ongi" pasatzen dela ohartarazi du Denysek. Orotara, Ipar Euskal Herrian 30.000 kontagailu instalatu dituztela aipatu du. "Ezezkoa eman duten kasuak guti dira. Kasu guztietan jabego pribatua eta gure bezeroak errespetatzen ditugu", nabarmendu du.