Kazeta

Ateak hetsiko ditu Oloroeko amategiak

Oloroeko amategiak abenduaren 20an ateak hetsiko dituela jakinarazi du Eskualdeko Osasun Agentziak. Zerbitzua idekirik mantentzeko ez dituzte mediku nahikorik. Amategia ordezkatzeko sortzear diren haurrei eta sortu berriei zuzenduriko zerbitzua plantan emanen du.

Xiberotarrek Donapaleuko amategira jo beharko dute. © DR
Xiberotarrek Donapaleuko amategira jo beharko dute. © DR

Eskualdeko Osasun Agentziak berria jakinarazi du urriaren 18an: Oloroeko amategiak ateak hetsiko ditu. Azken hilabeteetako ez jakintasun eta mobilizazioei erantzun die erakundeak. Mediku hautagaitza nahiko jaso ez duela azaldu du agiri baten bidez, Sud Ouest egunkariak argitaratu duenez.

Abenduaren 20an amategia hetsiko dutela jakinarazi du. Zentroak 2017ko iraila arteko epea zuen araudiak eskatzen dituen medikuen hautagaitzen kopurua aurkezteko. Bilaketak emaitzarik ekarri ez duela nabarmendu du Eskualdeko Osasun Agentziak. Instituzioak dioenez, gaur egun ez da mediku nahikorik segurtasuna bermatzeko.

Agentziak amategiari aterabide bat atzeman dio. Sortzear diren haurrei eta sortu berriei zuzenduriko zerbitzua plantan ezarriko du.

Orain arte jasotako medikuen hautagaitzak "eskasak" direla azpimarratu du. Hainbat adibide plazaratu ditu hala dela frogatzeko. Hala nola, lau hautagaitzek ez dute curriculum vitaerik aurkeztu, beste hautagai bat ez da hitzordura joan eta beste batek hautagaitzari segida ematea errefusatu du amategiaren kokapena dela eta.

Oroitarazi behar da, iragan astean Frédérique Espagnac, Max Brisson eta Denise Saint-Pé senatariak, Jean Lassalle diputatuarekin batera, Osasun Ministeritzara joan zirela Oloroeko amategiaren egoeraz eztabaidatzeko. Bertan, Ministeritzako zuzendariordearekin elkartzeko parada izan zuten.