Haritz LARRAÑAGA

Europaren onarpena hurbil du Kintoa sor-markak

Estatu frantseseko AOC labela lortu du Aldudeko Kintoa sor-markak. Aitortza horrez gain, Europako onespena ere geroz eta hurbilago duela uste dute elkarteko kideek. Lorpena ospatzeko ekimen berezia antolatu dute urriaren 15ean.

Kintoa sor-markaren ospakizuna urriaren 15ean iragan zen Alduden. ©Isabelle Miquelestorena
Kintoa sor-markaren ospakizuna urriaren 15ean iragan zen Alduden. ©Isabelle Miquelestorena

Iazko abuztuan eskuratu zuten AOC (Appellation d'Origine Controlée) labela Aldudeko txerri ekoizleek eta lorpena ospatzeko urriaren 15ean ekimen berezia antolatu zuten. Alduden iragan zen ospakizunak bi helburu zituen. Hau da, "jendeari sor-marka kontzeptua eta Kintoa zer diren ezagutaraztea", azaldu zuen Mixel Ozafrain Bankako auzapez eta Euskal Txerria elkarteko kideak.

Nafarroa Garaian eta Baxe Nafarroan kokatzen den Kinto Sarea elkartea sortu bezain laster hasi ziren Estatu frantsesean AOC (jatorri-deitura kontrolatua) izenez ezagutzen den ezaugarria eskuratzeko txostena eratzen. 2001. urtean hasitako lanak orain ari dira bere fruituak ematen.

Aitortza eta errekonozimendua

Egun, Estatu frantziarraren aitortza bakarrik ez, Europako instantzietatik ere onespena jasotzera bidean da Kintoa sor-marka. Ozafrainen esanetan, "AOC eskuratzeko, Europako irizpide guztiak bete behar dira; beraz, normalean bata bestearen atzetik etortzen dira".

AOC ezaugarria eskuratu zutenetik Kintoaren ezagupena nabarmen igo dela azpimarratzen dute txerri ekoizleek; izan ere, halako aitortza bat lortzea ez da batere erraza.

Ozafrainek honela esplikatzen zituen zailtasunak eta onurak: "Duela 30 urte erraz lortzen zen label hori, baina orain oso zaila da, frogatu behar da arraza aspaldikoa dela, lurrarekin lotura duela, egiteko manera berezia duela, eta zinez berezia den eta gustua duen aparteko zerbait dela. Bide luzea eta nekea da zinez, baina behin aitortza lortu ostean, jendearen errekonozimendua ere etortzen da".

Puntu gorenean

Jatorrizko izendapena Euskal Herriaz harago, Bearno eta Landetako eremuetara zabaltzen da, Kintoaren barrutiak, guztira, 231 udalerri biltzen dituelarik. Azken urteetan zinez indar handia hartu duen ekoizpena da, zeren 90eko hamarkadan dozena bat hazle baino gutxiago ziren, hamar urteren buruan hirukoiztu egin zen kopurua, eta egun, 75 hazle dira. Kontuan hartu behar da Hego Euskal Herrian ere badirela euskal txerriarekin lan egiten duten hazleak, oraindik label bat eskuratu ez duten arren.

Sektoreko langileek hazle kopuruak gorantz egingo duela uste dute. Aldiz, Ozafrainen iritziz, "Europako onespena lortu ostean ez da aldaketa handirik izango, zeren gaur egun AOC guztiak Europako oniritzia jaso behar dute (AOP), bestela sor-marka galtzen da".

Kintoa sor-marka aitortu eta ezagutzera emateko egitarau oparoa antolatu zuten urriaren 15ean Alduden. Lekuko ekoizleen merkatuaz gain, Euskal txerri onena hautatzeko lehiaketa antolatu zuten. Egunean zehar Kintoaren gaineko informazioa eskaini zuten.

Hona hemen ekimenaren argazki batzuk: