Luis Inxauspe
Udalbiltzako lehendakaria

"Pirinioetan posible delako" jardunaldien berri eman dio Kazetari Udalbiltzako lehendakaria den Luis Intxauspek. Horrez gain, Udalbiltza eta Euskal elkargoaren arteko harreman berriari buruz mintzatu da.

Luis Inxauspe: "Etchegaray prest agertu da Udalbiltzarekin berriz elkartzeko"
Xan Idiart|2017/10/13 08:15|0 iruzkin
0221_eh_intxauspe
Luis Intxauspe Hernaniko auzapeza da ere.

Instituzio publikoen arteko harremana normalizatu nahi dugu aspalditik

Ondorio guztiak biltzen ari gara, eta azaroan batzar nazionala eginen dugu, Udalbiltzaren ondoko urteetako lan ildoak plantan ezartzeko

"Pirinioetan posible delako" jardunaldiak antolatu zituen Udalbiltzak urriaren 5 eta 6an. Zer atera da bi egun horietatik?

Lehenik oroitarazi behar da "Pirineoetan posible delako" jardunaldiak 2014-2015ean sorturiko “Pirinioetan lan eta bizi” programatik heldu direla. Diru laguntza batzuek hainbat egitasmo ahalbidetu zituzten. Urriaren 5ean, diru laguntzei esker gauzatu ziren egitasmoen ezagutza zehatza egin genuen beraz. Adibidez, "Irati lau bailara" egitasmoa ezagutu genuen. Irati osatzen duten lau bailaren arteko elkarlana da, basoaren kudeaketaren inguruan hausnartzeko. Beste adibide bat emateko, Lurzaindiaren esperientziaren berri izan genuen. Biharamunean, urriaren 6an, "Pirinioetan lan eta bizi" proiektu osoaren balorizazioa egin genuen. Besteak beste, Udalbiltzarekin harremanetan edo lanean izan ziren hainbat eragile gonbidatu genituen. Horien artean, Laborantza Ganbara.

Ipar Euskal Herriko eragile batzuk presente zirela ikus daiteke beraz. Hain zuzen ere, irailaren 28an,  Euskal Elkargoko lehendakaria den Jean-René Etchegarayekin bildu zen Udalbiltza. Zer aldatzen du Jean-René Etchegaray bezalako mintzakide berri bat ukaiteak?

Udalbiltzak beti txalotu izan du Euskal Elkargoaren sorrera Ipar Euskal Herrian. Udalbiltza Euskal Herri osoa hartzen duen instituzio bakarra izanik, harremana badugu bestelako instituzioekin, Araba, Bizkaia, edo Gipuzkoako foru aldundiekin esate baterako. Instituzio publikoen arteko harremana normalizatu nahi dugu aspalditik. Horregatik Jean-René Etchegarayekin biltzean, Udalbiltza zer zen azaldu nahi genion, zertan lan egiten duen esplikatuz. Bilkuran, Kotte Ecenarro ere presente zen, mugaz gaindiko harremanen arduraduna baita. Proposamen bat egin genien, Udalbiltza eta Euskal Elkargoa berriz bil daitezen, harreman hori nola eta zertan gauza daitekeen finkatzeko. Jean-René Etchegaray gurekin berriz biltzeko prest agertu da.

Data bat adostu duzue elkar ikusteko berriz?

Azaroa eta gero izanen da. Gogorarazi behar da, "Udalbiltzan bagabiltza" gogoeta prozesu bat egin dugula azken hilabeteetan  Euskal Herri osoko hautetsi zein eragileekin. Herritarrekin ere online edo aurrez aurreko bilerak egin ditugu. Ondorio guztiak biltzen ari gara, eta azaroan batzar nazionala eginen dugu, Udalbiltzaren ondoko urteetako lan ildoak plantan ezartzeko. Beraz Jean -René Etchegarayri  erran genion, batzar horren emaitzak ukan eta bildu nahiko genukeela berriz berarekin.

Zer arlotan egin dezakezue lan elkarrekin Udalbiltza eta Euskal Elkargoak?

Arloak hainbat izan daitezke. Badugu jadanik "Hurbiltzen" izeneko programa bat Udalbiltzan. Horri esker, senidetzeak badira Euskal Herri osoko herrien artean, batez ere Ipar eta Hego Euskal Herriko udal batzuen artean. Uste dut Euskal Elkargoarekin dugun harreman berriari hasiera ona emateko, "Hurbiltzen" programa horretan oinarritu behar garela, udalen artean orain arte zer egina izan den jakiteko. Geroari begira, horrek asko lagunduko gaitu.