Kronika
 
Ereduak eta bideak

IRITZIA- Katalunian gertatzen ari denari begira jarri da Ixabel Etxeberria. Estatu frantsesaren jarrera aipatzeaz gain, espainiarraren jokamoldea deitoratu du irakasleak. "Independentziarako bidea ez da lorez estalitako bidea".

Ixabel ETXEBERRIA|2017/10/13 11:01|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2016-11-14_a_12
Ixabel Etxeberria iruditan.

Igandeko berrietan ikusi ditugu Espainiako ministroak Guardia zibilaren jaia ospatzen Toledon. Haiekin batera Toledon desfilean han ziren ehun bat jendarme beren buruzagiekin Guardia zibilaren goraipatzeko egunaz gozatzen. Hori soilik gogoratzeko Frantzia eta Espainiaren arteko harremanak egoera ezin hobean daudela, zalantzak baldin baziren... Bartzelonako karrikak espainol nazionalistez beteak zirelarik.

Azken asteek politikarekin berradiskidetzeko aukera eman digute. Izan ere, sekulako mobilizazioen ondoren non herritar asko antolatzaile, parte hartzaile, ekintzaile izan diren, lerro komuna bilatu ondoren, gatazka guztiak baretu eta gero, kontraesanak asumituz, Kataluniako parlamentuak herritarrek hautatutako independentziarako bidea hartu du. Politikariek agindutakoa aurrera eraman dute. Bozetan Erabakitakoa.

Frantzian ezkerreko presidentea bozkatu zen eta eskuineko politika eraman zuen. 2005ean Europako konstituzioari ezetz bozkatu zen Frantzian eta horren gainetik pasa ziren politikariak, eta zeharkako bide bat bilatu zuten kontraesana saihesteko. Azpiegitura nagusiak kanpoko esku pribatuei saldu, Toulouseko aireportuarekin gertatu zen bezala, zigortua izan gabe. Eta bukatzeko Kataluniako erreferendumak ez duela balio erraten dutenei gogoratu Macron %43eko parte hartzearekin hautatu zela presidente. Ondorioz, gero eta zailagoa izan da herritarren eta politikarien arteko konfiantza garatzea. Kataluniako kasuan politikari sendoak ikusi ditugu, aitzinatzen adostutakoa gauzatzeko. Gobernu presidente lasaia bururaino joanen zela entzun dugu erratzen, horrela agindu ziotelako parlamentutik eta presondegiratze mehatxua bazen ere asumituko zuela. Duintasuna eta ardura.

Askotan erran dugu hauteskundeek zerbaiten aldatzeko balio bazuten debekatuko lituzketela. Hau da gertatu Katalunian. Erreferenduma hain lotua zen herritarren aldarrikapenari izua sortu dela Espainiako agintarien artean. Horrela, era bortitzean debekatzera joan dira, itxura txarra emanez, zapaltzera joan dira legitimitate osoa sentituz.

Abertzale gisa interes bereziarekin begiratzen dugu Katalunian gertatzen ari dena. Hamarkadan amestu dugun unea hurbiltzen ari baitzaie. Klase politikoa batua, irmoa sortzen dituzten ekintzetan, diplomazia eta errespetua erakutsiz. Umiltasunez, presidente bat norabidea argi duena, testu ingurua eta herritarrak entzuten dituena. Bihurgune handia dute hartzen, zorabiatzeko une zitekeen, baina Katalan independentisten artean ez da zalantzarik sumatzen, nahiz eta seguruenik bileretan agertu. Talde independentisten arteko polemikarik ere ez da entzuten, dena diskrezio handiz egiten denaren sentsazioa bada.

Aitzitik,parean, independentzia martxan eman denetik erreakzionatzen hasi dira eta alde horretan makinaria patentea jarri dute. Espainiak ez du elkarrizketarako nahikeriarik, euskaldunok horren berri izan dugu. Baina gauza bat da jakitea estatu espainola ez dela demokrazia zalea eta beste bat mehatxua konkretizatzen ikustea. Independentziarako bidea ez da lorez estalitako bidea.

Espainiak bortizkeria erakusten digu baina azken egunetan Frantzian ere kezka zerbait entzun dugu. Prentsa gehienetan gaia landua izan da Estatu frantsesean nazioak daude estatua eskatzen dutena edo Kataluniako eredua aztertuko dutenak. Kanakia hasteko, datorren urtean erreferenduma dute, hau Parisen adostutako eta Kanakiaren geroa erabakiko duena. Agian errazagoa zen milaka kilometrotan zegoen koloniaz akordioa lortzea. Beste zerbait litzateke dudarik gabe Korsikak independentziarako bida hartzen balu. Estatu frantsesak jarrera interesgarria aztertzeko hartuko luke dudarik gabe, demokraziaz zer egiten duen argigarria baita. Eskubide zibilek nahiko lan dute terrorismoaren aurkako legediarekin !

Bien bitartean Kataluniak eredu interesgarria baldin bada eta Kanakia negoziatuak ideiak zorrozten badizkigu gure bidea jorratzea doakigu. Hasteko presoak askatuz, errefuxiatuak ekarriz eta deportatuen egoera salatuz etxera ekartzeko. Horretan ere estatu frantsesa txapeldun izan baitzen. Datozen asteak mobilizapen asteak izanen dira.