Polizia-indarkeria ardatz hartuta, jardunaldiak antolatu ditu Zizpa Gaztetxeak

Polizia-bortizkeriari buruzko ikusmira zabaltzeko jardunaldiak antolatu ditu Baionako Zizpa Gaztetxeak urriaren 16tik 21era. Euskal Herriko gertakizunak gogora ekartzeaz gain, Estatu frantseseko kasuak ere jorratuko dituzte.

M.U.|2017/10/12 11:20|0 iruzkin
07
2009ko apirilean desagertu zen Jon Anza eta urtebetera agertu zen bere hilotza. (Juan Carlos RUIZ | ARGAZKI PRESS)

Baionako Zizpa gaztetxea bi urte betetzear delarik, egitasmo berria prestatu du Gazte Asanbladak. Urriaren 16tik 21era, Euskal Herriak bizi izan duen gatazka politikoarekin lotura duten hainbat kasu oroitaraziko dituzte. Era berean, Estatu frantsesean izan diren beste hainbat afera aztertuko dituzte, Garako artikuluak azaldu duenez.

Gazte Asanbladako lagunek honela azaldu dute gaia: "Euskal Herrian ondo dakigu indar errepresiboek nola jardun dute mugimendu abertzalearen aurka; horregatik, gure herriak ezagutu duen esperientziatik abiatuta, gaia modu zabalagoan lantzea bururatu zitzaigun".
Besteak beste, Popo Larre eta Jon Anzaren desagerpenak, GALek eginiko atentatuak, eta duela hamar urte frantziar Poliziak buruturiko "Kalaka operazioa" izanen dituzte hizpide.

"Traore kasua"

Izan ere, Estatu frantsesean ere, bai baztertutako auzoetan izan diren "segurtasun arazoei" aurre egiteko, bai mugimendu sozialen ihardespen lana oztopatzeko, "molde errepresiboak" erabiltzen dira.

Gehienetan horrelako gertakarien gaineko informazioa aski mugatua izaten dela oharturik, "kuriositate handiz, baina baita umiltasun osoz" ezagutza zabaltzea du helburu Gazte Asanbladak, eta horretarako, Euskal Herritik kanpo polizia-indarkeria salatzeko lanean jarduten duten hainbat eragilekin harremanak estutu ditu.

Begirada zabaltzea xede, urriaren 17an, Caroline Guibet Lafaye CNRS-ko ikertzaileak polizia bortizkeriaren aurkako unibertsitateen kolektiboaren esperientzia jorratuko du. Urriaren 20ean, aldiz, Assa Traorek hartuko du hitza, iazko uztailean jendarmeek Val D'Oisen buruturiko atxiloketa baten testuinguruan zendu zen 24 urteko mutil gaztearen arrebak hartuko du hitza.

Musikak ere izanen du bere tokia. Hala, hilaren 19an Medine rap kantari ezaguna etorriko da Baionara. Bere bisita baliatuta, kontzertuaren ondorenerako La racine elkarteak open mic bat antolatu du, "Ipar Euskal Herriko edozein raperok bere aukera izan dezan kantu batzuk botatzeko".