Independentzia deklarazioa eten dute elkarrizketari bidea idekitzeko

Carles Puigdemontek Kataluniako independentzia deklarazioa etetea erabaki du negoziazio fase bat idekitzeko. Nahiz eta erabakiak ez duen guztien oniritzia lortu, Legebiltzarreko osoko bilkura ondoren, Junts Pel Si eta CUPeko 72 diputatuek independentzia deklarazioa sinatu dute urriaren 10ean.

Iurre BIDEGAIN|2017/10/11 08:45|0 iruzkin
Declaracion
Puigdemont independentzia deklarazioa izenpetu zuen mementoa. (@govern)

Mundu osoa Kataluniari begira jarri zen urriaren 10ean. Carles Puigdemonten agerraldia 18.00etarako aurreikusia bazen ere, ordu batez gibelatu zuten. Hitza hartu bezain laster, Kataluniako herriari baita nazioarteari ere zuzendu zitzaien Generalitateko presidentea: "herriaren agindua nire egiten dut, Katalunia estatu independente izan dadin, errepublika gisa". Hortik gutxira idenpendentistei atsekabea sortu zien erabakiaren berri eman zuen. Hain zuzen, elkarrizketari bidea idekitzeko, independentzia deklarazioaren eraginak etetea proposatu zuen.

Hala eta guztiz ere, Legebiltzarreko osoko bilkura bukatu eta Junts Pel Si zein CUPeko 72 diputatuek deklarazioa sinatu zuten. Adierazpenak honakoa dio: "Kataluniako Errepublika eratzen dugu, estatu independente eta subirano gisa". Hamarkadatan egindako saiakerari aipu egin eta trantsiziorako lege juridikoa abian jartzen dela dio deklarazioak. Halaber, Europako Estatuei baita nazioarteari ere bitartekaritza lana egiteko eskaera egin die.

Puigdemonten hitzak ildo beretik joan ziren: "Kataluniako arazoa, Europaren kontua da". Lehenik, urriaren 1ean iragan zen erreferenduma gogora ekarri zuen lehendakariak eta hori posible egin ahal izan zutenak eskertu zituen. "Erreferenduma egunaren irudiak ez ditugu inoiz ahaztuko", nabarmendu zuen.

Estatu espainiarrak "katalanofobia kanpaina" bultzatu duela aipatu eta, independentistek 18 aldiz Gobernuari legezko erreferendum bat antolatzeko eskaera egin dietela azpimarratu zuen. Bozkatzeko aukera izatea galdetzen duen "jende normala" direla ohartarazi ondoren, Kataluniak "Estatu independente bat izateko eskubidea irabazi" duela erran zuen Carles Puigdemontek.

Estatuaren erantzuna

Lehendakariaren hitzek atsekabea sortu zuten CUPeko kideen artean. Hain zuzen, Anna Gabriel CUPeko diputatuak honakoa erran zuen: "Gaur errepublika katalana aldarrikatzea egokitzen zen". Orain arte egindako guztia "herriarengatik" egin dutela nabarmendu eta, ezin dutela errepublika baztertu aipatu zuen. "Gaur borroka aro berria abiatu dugu", erantsi zuen.

Legebiltzarreko bilkura bukatu bezain laster Gobernu espainiarrak erantzun zuen. Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak uko egin zion bitartekaritza onartzeari. Mariano Rajoy Gobernu espainiarreko presidenteak ezohiko Ministroen Kontseilua antolatu du gaurko, 09.00etan.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK