Baionan mobilizatuak funtzio publikoaren defentsan

Emmanuel Macron Estatu frantseseko presidentearen Lan Erreformak funtzio publikoan eraginen dituen aldaketak salatu dituzte urriaren 10ean Baionan. Sindikatu nagusiek bat egin dute 2.200 lagun inguru elkartu dituen mobilizazioan.

Iurre BIDEGAIN|2017/10/10 12:50|0 iruzkin
Guz_manifa_fonctionnaires_social_baiona_imiquelestorena10
FSU sindikatuak jakinarazi duenez, 2.200 lagun inguru bildu dira Baionako manifestazioan. ©Isabelle Miquelestorena

Lehen aldia da azken hamar urteetan Estatu frantseseko sindikatu nagusiek bat egiten dutela Lan Erreformaren kontra jotzeko. Hain zuzen, Estatu mailan CGT, FSU, FO eta Solidaires sindikatuek karrikara ateratzeko deia luzatu dute. Ipar Euskal Herriari dagokionez, manifestazio baten bidez Lan Kodearen kontra agertu dira 2.200 lagun inguru, FSU sindikatuak jakinarazi duenez.

Protesta 11.00ak aldera abiatu da Santa Ursula plazatik. Zubi gorria zeharkatu ondoren, Herriko Etxetik suprefeturara joan dira ekimenean parte hartu dutenak. Kolore anitzetako banderolak ikusi dira protestan. LAB, CGT, CFDT, FO sindikatuak baita anarkistak ere presente zeuden, besteak beste. Erakundeekin batera, funtzionario publikoak, irakasleak, erretretadunak... Denek Emmanuel Macronek funtzio publikoak egin nahi dituen erreformak deitoratu dituzte.

Fronte Sozialak salatu duenez, Gobernu frantsesak 120.000 funtzionarioren lan postuak murriztu nahiko lituzke hemendik bost urtera. "Kontratu prekario biderkatuak, langileen babesa apaldua... horiek izango dira XXL Lan Legearen emaitzak", dio. Halaber, gogorarazi du, besteak beste, legediak kontratu lagunduen desargertzea eraginen duela eta horrek elkarteak eta kolektibitateak kaltetuko dituela.

Greba mugimendua dela eta, Baionan, eskola gehienek ateak hetsi dituzte. Horrez gain, Biarritzeko aireportutik abiatu eta ailegatu behar zuten hamasei hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK