Kazeta

Nafarroa Oinez Lesakara itzuliko da urriaren 15ean

Hogeita bederatzi urte ondoren, bigarren aldiz, Lesakak Nafarroa Oinez ospakizuna errezibituko du. "Bikin bat in" lelopean iraganen den ekimenak herriko Tantirumairu ikastola laguntzeko xedea du. Hain zuzen, eraikin berri bat eraikitzeko dirua bildu nahi dute.

2017an Lesakan antolatuko duten Nafarroa Oinez aurkeztu dute. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
2017an Lesakan antolatuko duten Nafarroa Oinez aurkeztu dute. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

1988an Lesakan ospatu zen Nafarroa Oinez. Hogeita bederatzi urte eta gero, ikastolen aldeko jaialdia hara itzuliko da. Lehen edizio horri esker, altxatu zuten egungo ikastola Otxogorriena izeneko etxean. Egun, 101 ikasle dituzte eta eraikina txiki gelditu zaie. Eraikin berria behar dute eta horretarako beste Oinez bat antolatu dute, Naiz atariak azaldu duenez.

"Hauek dira egungo behar zahatzak: jangela handigoa behar da erosotasunez ikasle guziei bazkaria eman ahal izateko; laborategi bat; hezkuntza premiak dituzten haurrekin lan bereziak egiteko gela; talde bikoiztuak banatzeko gela; eta bulegoak", azaldu zuen Amaia Lasheras ikastolako presidenteak.

1974an zabaldu zituen ateak Lesakako Tantirumairu ikastolak, zazpi ikaslerekin. Orduan ez zuten ez leku ez baliabide egokirik, baina guraso eta irakasleen bultzadarekin aitzinera jarraitu zuten.

Lau gune, baserria eta industria

Lau gune izanen ditu Oinezen ibilbideak, Lesakako industria eremutik eta baserri inguruetatik gaindi. Bortzirietako herri honen izaera bildu nahi izan dute ibilbide horrekin, ikastolako zuzendari Aitor Iratzokik jakitera eman zuenez.

Arratzubi, Bertizenea, Biurgarai eta Uhartea dira gune hauen izenak eta bertan adin ororentzako programazioa izanen dute. Oreka TX, Brun Burdinola taldea, toberak eta burnia, Petti, Borrokan, Kalera, Bad Sound System, ISEO&Dodosound, Xutik, Oihan Vega, Gabenra, Trikidantz, bertso saioak, herri kirolak, zunba eta abar luze bat izanen dute hilaren 15ean Lesakara hurbiltzen direnek.

Kanpoko gurasoei eta IKAri omenaldia

Euskal Herri kanpotik Lesakara joandako eta haien seme-alabak ikastolara eramatea erabaki zuten 12 familia omenduko ditu Tantirumairu ikastolak.

Horrez gain, Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) IKA euskaltegi sarea ere omenduko du euskalduntzearen alde egin duen lana eskertzeko. Sagrario Aleman eta Bortzirietako IKAko bi kide izanen dira omenaldian.

Txikiak Handi ekimenaren baitan, Aran bailarako Alejandro Casona ikastetxeko ordezkariak izanen dira Lesakan, urtean zehar landu duten harremanari esker. Hauekin batera, Alide Sans eta Paulin Courtial musikariek Okzitaniako txoko honen kulturaren berri emango dute.

Antolatzaileek Lesakara garraio publikoan hubiltzeko deia egin dute eta aurten zeliakoendako janaria eta garagardoa izanen dutela nabarmendu dute.