Abortuaren kontrako otoitza salatuko dute larunbatean Baionan

Baionako elizbarrutiak deiturik, abortuaren kontrako otoitza bat antolatu dute urriaren 7rako Baionan. Ekimenaren aurka jotzeko, Ipar Euskal Herriko hainbat elkarte batuko dira toki eta ordu berean.

Kazeta|2017/10/06 14:45
Guz_rassemblement_anti_ivg_3570_-_copie
Abortuaren kontrako mobilizazioa Baionan.

Abortuaren kontrako karrikako otoitza berri bat antolatu dute larunbaterako. Baionako diozesiak deiturik, abortuaz gain, sexu bereko pertsonen arteko ezkontza, baita kontrazepzio medioak ere gaitzesten dituztenak Réduit plazan elkartuko dira 15.00etan. Ipar Euskal Herriko hainbat elkarte ekimenaren kontra jotzeko toki eta ordu berean batuko dira.

Ekimenean parte hartzeko deia luzatu duten elkarteek otoitza debekatzea eskatu zien prefekturari. Karrikan egiten diren manifestazioak prefekturari jakinarazi behar dira, baina ez dute baimenik behar. "Administrazioa manifestazioaren kontra agertu daiteke, ekimenak ordena publikoa mehatxatuko duela uste badu eta segurtasuna bermatzen ahalko ez duela pentsatzen badu", dio prefekturak.

Beren arrangurak adierazteko, gutun bat helarazi zioten prefetari. Mobilizatzen segituko dutela aipatu du Marie Pérès Planning familial egiturako kideak. Hain zuzen, otoitzaren parean bildu ondoren, suprefeturara joanen direla azaldu du.

Honakoak dira eskutitza izenpetu duten elkarteak:

Planning familial, CIDFF64/AEFH, Zutik indarkeria sexisten kontrako kolektiboa, Emaztek Diote, Pour une alternative féministe, Les Bascos elkartea LGBT, Baionako Giza Eskubideen Liga, UNSAko irakasleen sindikatua, CFDT Pays basque, la Fédération Syndicale Unitaire, Parti socialiste section de Bayonne, PCF Côte basque, Insoumises et insoumis biarrots, Ensemble Pays basque, Europa Ekologia Berdeak eta Aitzina.