Kazeta

T. Etcheverry: "Urrats batzuk gainditu behar dira bake iraunkorra lortzeko"

Abenduaren 9an Parisera joateko deia luzatzen duen kanpaina abiatu dute bakearen artisauek. "Eta orain presoak" dinamikak euskal presoen aferari konponbidea atzemateko lehentasuna du. ETAren desarmea ondoren, Jean-Noël Etcheverryk, "Txetxek", ez du seinalerik ikusi gauzak aldatu direla errateko, baina bai, ordea, "aldatzen ahal direla" pentsatzeko.


Txetx Etcheverriren ongietorria Baionako tren geltokian. ©Bob EDME
Txetx Etcheverriren ongietorria Baionako tren geltokian. ©Bob EDME

Iazko abenduaren 16an Luhusoko operazioaren baitan bost lagun atxilotu zituen poliziak. Horiek "bakearen artisauak" deitu zituzten, baina geroztik izpiritu hori garatu eta gizarte zibilaz gain, eragile politiko andana bat ere bakegileak bilakatu dira.

Jean-Noël Etcheverryk, "Txetxek", azaldu duen bezala, apirilaren 8an burutu zen desarmea ondoren, bakearen artisauek lanean segitu dute. Alde batetik, beren xedea bilana plazaratu eta informazioa eskaintzea zen. Bestalde, talde bat eratu zuten biktimen gaia lantzeko. Azkenik, mobilizazioak landu dituzte euskal presoek pairatzen duten salbuespenezko neurriekin bukatzeko.

Hori baita lehentasuna: euskal presoen egoera konpontzea. Etcheverryk dionez, ETAk desarmea burutu eta, Estatuarekiko urrats bat espero dute. "Gure iritziz, aukerak benetakoak dira", erantsi du. Desarmea burutzeko, Estatu frantsesak espainiarretik urruntzen den jokamoldea erakutsi duela oroitarazi du. Egunean berean Gobernutik egindako ihardokipenek hala islatu zuten. "Erabili zuten tonuan aldaketa garrantzitsu bat zegoen. Oier Gomezen askatasuna agindu zuen epailearen hitzak gogora ekarri ditu. Hain zuzen, desarmea ondotik, Euskal Herrian bizi den testuinguru berriari aipu egin zion justiziak. "Ez dugu seinalerik ikusi gauzak aldatu direla errateko, baina bai, ordea, aldatzen ahal direla pentsatzeko", nabarmendu du.

Estatuaren aldetik zein keinu espero duten galdegiterakoan, Etcheverryk argi du: DPS (Bereziki zaindua den presoa) estatutuaren bukaera, Estatu frantsesean espetxeratuak diren euskal presoen hurbilketa eta eri edo kondenaren bukaeran diren presoen askatasuna. "Bertan behera utzi behar dituzten neurriak dira. Ez hemendik sei-bederatzi hilabeteetara, baizik eta orain", ohartarazi du.


Pariseko hitzordua

Abenduaren 9an Parisen iragan den mobilizazioaren garrantzia azpimarratu du bakegileak. Ekimenak datozen hilabeteetan gauzak aldatzeko balio lukeela uste du. "Parisera joan behar gara errateko "urrats batzuk gainditu behar dira bake iraunkorra lortzeko Euskal Herrian", nabarmendu du.

Hitzordua prestatzeko, Estatuko hainbat elkarte eta talde politiko zein sindikalekin Parisen bildu direla aipatu du Etcheverryk. "Manifestaziorako deialdi bateratua lortu dugu", gaineratu du. Bere erranetan "ez ohikoa den lan horrek oraingoz oso baikorrak diren erantzunak" jaso ditu.