Donibandar gazte bat mini transat lasterketan

Arnaud Etchandyk, donibandar gazte batek mini transat lasterketan parte hartu du urriaren 1ean. "Ipar Hego Euskal Haziak" izena eman dio bere belaontziari.

Xan Idiart|2017/10/04 08:20|0 iruzkin
Euskal_haziak_belaontzia
Arnaud Etchandy bere belaontziaren gainean.

Abentura ederra da dudarik gabe. Arnaud Etchandyk donibandar gazte batek mini transat belaontzizko lasterketan parte hartu zuen urriaren 1ean. La Rochelletik abiatuz, Kanarietara zuzenduko da, normalean azaroaren lehenaren inguruan ailegatzeko. Atsedenaldi tipi bat egin ondoren, Martinikarantz joanen da, guti gora behera azaroaren 20an iristeko.

Haatik, lasterketa gainditzea ez da daten kontua ulertzea bezain erraza. Izan ere, atlantikoaz haraindiko ibilbide bat obratzea ez da bezperan erabakitzen. Hilabeteak behar dira trebatzeko. Gaur egun, prestaketa lanean buru belarri dabil adibidez donibandarra.

Horrez gain, pagarik gabeko bakantzak hartu ditu lasterketa egiteko. Dena bere alde ezarri du beraz ametsa gaindi dezan. Zeren eta lasterketaren zailtasunaz ongi baino hobeki konturatzen da donibandarra. Duela lau urte jadanik desafioari aurre egiten saiatu zen, baina eguraldi itsusiagatik utzi behar izan zuen lehen egunetan. Ez zen bakarra izan, anitzek lasterketa bertan behera utzi zuten.

Horregatik, aurten ozeano atlantikoko urriko ekaitzak saihesteko asmoz, aste batez aitzinatu zuten abiatzea antolatzaileek. Jakin behar baita lasterketa lanjerosa dela mini transatarena. Kanpoarekin harremanik ez dute lemazainek. Justu eguraldiaren berri dute goizero irratitik.

Urquijoko familia saindua eskolako haurrak lehen zaleak

Fisikoki bakarrik egonen baldin bada bere 6m50ko belaontzian, Donibane Lohizuneko Urquijo familia saindua eskolako haurrak gogoan iltzatuak ukan ditu Arnaud Etchandyk. Hain zuzen ere eskola horretakoa zen ttipitan, elebidun sailean, eta horregatik "Ipar hego Euskal Haziak" izena eman dio belaontziari. Bestalde eskola pribatuen elebidun sailen elkarte horren ikurra jarri du itsasontziaren sahetsean.

"Ebidentzia bat zitzaidan hori egitea" azaldu du Arnaud Etchandyk. Gainera, gaur egun, bere lagun bat den Jean-Philippe Pascassion irakasle da han. Laugarren (CM1) eta bosgarren (CM2) urteko haurrak ditu, eta Arnaud Etchandyren etapa guziak segitzen ahalko dituzte Internetetik.

"Itu-ituan heldu zaigu Arnaurd-rena" erran du Jean Philippe Pascassionek. Hain zuzen ere, belaontzizko ikastaldian izan dira eskolako haurrak.