Odile de Coralen dimisioa galdegin du Herritarrak elkarteak

Paueko Dei Auzitegiak otsailean kondenatu ondoren, helegiterik ez aurkeztea erabaki du Odile de Coral Urruñako auzapezak. Gertakariak kontutan harturik, auzapezaren dimisioa aldarrikatu du Herritarrak elkarteak. 


Kazeta|2017/10/03 14:45
Jarraia90361
Michel Hiribarrenek Urruñako auzapeza den Odile de Coraleren kontrako salaketa jarri zuen.

Urte luzaz iraun duen prozedurari segidarik ez ematea erabaki du Odile de Coral Urruñako auzapezak. Hain zuzen, 2007an bere familia baten lurrak eraikigarriak bilakatzeko deliberamenduan parte hartu zuen. Hori dela eta, Paueko Dei Auzitegiak lau hilabeteko zigorra, gibelapenarekin, eta 10.000 euroko isuna ordaintzea agindu zion auzapezari. Azken horrek helegiterik ez aurkeztea erabaki du. Hala eta guztiz ere, Herritarrak elkarteak bere eta elkartasuna erakutsi dioten hautetsien dimisioa eskatu du.

Elkartearen aburuz, "bere ohoreak eta zintzotasunak" auzapez kargua uztea eskatu diote. "Alabaina, hautetsi gisa zituen botereak interes pribatuen alde baliatzeaz behin betiko
kondenatua izanki, ez da onargarria herri baten arazoak kudeatzen segi dezan", erantsi du agiri batean.

Herritarrak taldeak dion bezala, "hautetsi zintzo batek jakin behar du bozka batean ez parte hartzen badakielarik horrek bere hurbileko norbaiten mesedeetan egiten dela".

Erabakiaren zergatia

Bere aldetik, De Coralek helegitea ez aurkeztearen arrazoiak plazaratu ditu publikoki. Alde batetik, prozedura luzatzeak ekarriko lizkiokeen gastuak aipatu ditu. Gisa berean, denbora gehiegi eskatuko liokeela dio. "Nahiago dut nire energia gorde Urruñako auzapezaren funtzioarentzat", erantsi du. Bestalde, bere familiarengan ere eraginak izango lituzkeela uste du. "Ez dizkiot nire familiari hiru urteko prozedura gehigarriak inposatu nahi", ohartarazi du.

Agirian, hasiera batean Baionako Delituen Auzitegiak hobengabetu zuela oroitarazi du auzapezak. Prokuradoreak Baionako Delituen Auzitegiak hartutako erabakiaren kontra helegitea aurkeztu ondoren, kasua Paueko Dei Auzitegiaren esku gelditu zen.

"Nire kasuan dauden hautetsiek gisa horretako bozketan parte hartu dezaketela uste dute Dei Auzitegi batzuek. Beti ere bozketak herriko lurraldeari eragiten badio eta hautetsiek ez badute dokumentua idatzi. Beste batzuek, ordea, kontsideratzen dute gelatik atera behar direla eta ezin dutela bozkatu. Hain zuzen, hori egin dut eraikigarriak bilakatzeko deliberamendua hartu dutelarik Euskal Elkargoaren bilkuran".