Erramun BACHOC
Capture_d_e_cran_2016-11-14_a_12
2016ko Inkesta Soziolinguistikoaren aurkezpena

IRITZIA- 2016an egindako Euskal Herriko hiru lurraldeen VI. inkesta soziolinguistikoaren emaitzak aztertu ditu Erramun Bachocek. Lehen atal honetan herritarren hizkuntza gaitasunari buruz mintzatu da.

2017/10/02 16:00 | 0 iruzkin

2016an, Eushal Herriko hiru lurraldeetan VI. Inkesta soziolinguistikoa eraman da, 16 urte eta gehiagoko jendetza aztertuz. Orotara 8.200 inkesta egin dira, 4.200 EAEn, 2.000 Nafarroan eta 2.000 Iparraldean. Lagin honekin emaitzak beziki fidagarriak dira. Iparraldeko datu-bilketa SIADECO enpresak egin du, (EEP) Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzarekin.  Inkestaren ondorioak lau ataletan eman daitezke

- Herritarren hizkuntza gaitasuna.
- Hizkuntzen familia transmisioa.
- Hizkuntzen erabilera.
- Euskarari buruzko motibazioa.

Hizkuntza gaitasuna Ipar Euskal Herrian:

Hizkuntza gaitasunaren arabera, hiru kategoria bereizten ditugu:
- Euskaldunak edo euskaldun hiztunak, euskaraz mintzatzeko gai direnak.
- Euskaldun hartzaileak, euskara ulertzen dutenak, esaldi batzu egiten dituzte baina ezin dute elkarrizketa bat eraman.
- Erdaldunak, euskararik ez dakitenak.

Laburbilduz gaur egun:
Euskaldun hiztunak %20,5, 51.200 herritar 16 urtez gorakoak.
Euskaldun hartzaileak %9,3, 23.300 herritar.
Erdaldunak: %70,1, 175.000 herritar.

Anitz girea ala guti girea? Ikus zer gertatu den 20 urtez.

 

Taula honek erakusten digu hiztunen bilakaera. 20 urtez 16 urtez goragoko jendetza emendatu da 37.000 herritar gehiago, eta euskaradunen kopurua jautsi 5.000 gutiago, hots urtero 250 gutiago. Ulergarri da, kanpotik erdaldun anitz etortzen baita, hemengo sortzeak ez direlarik nasaiak. Euskaldun hartzaileak 3.500 gehiago dira. Baina nolazbaiteko euskaldunak %30, gero eta gutixago dira. Erdaldunen kopurua emendatu da 38.000 hiztunez, jendetza bezalatsu.

Azken bost urte hauetan joera aldatu zaigu. Orain arte euskaldunen kopurua beti gutitu da inkesta batetik bestera. Azken inkesta honetan (2016)  euskaldunen kopurua doi bat emendatu da (+ 100) eta euskara ulertzen dutenen kopurua askoz gehiago (+1.600). Ondorioz nolazbaiteko euskaldunak 1.700 gehiago dira. Erdaldunak ere 9.000 gehiago dira, jendetza 11.000 herritarrez emendatu delarik, gehienak kanpotik etorriak.

Zertan da hizkuntza gaitasuna eskualdeetan?

Inkesta soziolinguistikoetan hiru eskualde bereizi ditugu demografia kontuan hartuz
- BAM (Baiona, Angelu, Miarritze, Bokale) : 102.216 jende, 8.600 euskaldun.
- Lapurdi ken BAM : 114.548 jende, 26.400 euskaldun.
- Baxenabarre Zubero elkarrekin 32.700 jende, 16.200 euskaldun.

Zer dio taula zehatzak?

 

Lapurdi barnea da eskualde jendetsuena 114.500 jende. Hemen da ere euskaldun kopuru handiena 26.400 Iparraldeko euskaldunen erdiak, egia erran ikastola eta eskola elebidun gehienak hemen dira. Baxenabarre eta Zuberoa dira Euskal Herriko herrialde euskaldunenak ehunekotan %50. Baina jendetza ttipia delakotz euskaldunen kopurua 16.200ekoa da. Nork pentsa dezake kasik 9.000 euskaldun bizi direla BAM hirigune handian? Erdaldunak gehiengoan Lapurdin %86 hirigunean eta %66 barnealdean. Erdaldunak gutiengoan dira Baxenabarre eta Zuberon %37 bana-beste.

Hizkuntza gaitasuna ez da berdin adin guzietan. Emaitzak adin taldeka ezarriz, bilakaera ageri da zahar gazteen artean. Gaurregun oraino, adin talde zaharrena da euskaldunena %28. Halere adin talde gazteak gero eta euskaldunago dira, %15, %16, %17. Ohargarri adin-taldeak gazteago eta gutiago direla taldeak ez baitira berdinak: 15 urte, 15 urte, 15 urte, 10 urte, 9 urte eta ere demografiaren eraginez. Ikus 16-24 urtekoetan euskaldunak eta elebidun hartzaileak nola emendatu diren ehunekoetan (bi aldiz + %3) ez hainbeste zenbakietan. Ondorioz erdaldunen kopurua jautsi da 6.000 hiztunez eta 7 puntuz.

Hemen daude inkesta soziolinguistikoen emaitzak 5 zutabetan adin taldeei begira.. Azken zutabea atera da eskola estatistiketarik: 1996koa soziolinguistika inkestak emana. 2001,2006 eta 2011koak irakasleen balorazioak B1 europar estandarrari buruz. 2016koa, B2 estantarrari buruzko azterketen ondorio bat.

Taula hau goitik behera irakurtzen bada, ikusten adin-talde bakoitzak hartzen duen tokia inkesta batetik behera. Euskaldun zaharrenek gero eta toki gutiago hartzen. Jautsiera paraleloa gertazen da 50 eta 35 urteko euskaldunekin. 25-34 urteko euskaldunek ematen dute itzulia, lehenik jauts eta gero igan. 16-24 urtekoek gero eta toki handigoa hartzen dute inkesta batetik bestera %11tik %19ra. Eta itxuraz aitzinamenduak jarraituko du 3-15 urtekoen estatistikak erakusten duen bezala.

Taula hau ezkerretik eskuinera irakurtzen badugu, euskaldungo osoaren profila agertzen da inkesta batetik bestera. 1996an adin-taldea zaharrago eta euskaldunago, gazteago eta erdaldunago. 2016an 50 urtez petikakoak  gazteago eta euskaldunago dira. Itxuraz profila hau da etorkizunean areago dena. Tendentzia hau biziki itxaropentsua da.

Euskaldungoa 90 urtez Iparraldean

Ikusi nahi badugu euskaldungoa zeri buruz ari den, emaitzak ahal bezain urrunagotik hartu behar ditugu. 6 inkestetako 30 adintaldeak zerrendatzen baditugu ordena kronologikoan zer agertuko da? Lehen inkestako lekuko zaharrena 1910ean sortua zen eta 6. inkestako lekuko gazteena 2000. urtean. 25 urte hauetako ikerketekin euskararen 90 urteko historia konda dezakegu.

 

Beraz adintaldeak zerrendatu ditugu, adintalde bakoitzean euskaldunak emanez ehunekotan, lehen inkestako 65 eta goragoetarik seigarren inkestako 16-24 urtekoetaraino, sorturteen jarraipena errespetatuz. Ondorioak kurba moldean agertzen dira. Kurba hauek zer diote?  


Ipar Euskal Herriko euskaldungoaren kurbaren (erdigunean) bidez belaunaldien jarraipena azter dezakeku. Har ditzagun 24 urteko belaunaldiak. 1924an sortuak direnak euskaldun dira %38. Guraso bilakatu direlarik 1949an, beren "baby boom" famatuari euskara transmititu diete %27 (11 punduren galtzea). Belaunaldi honen haurrak euskaldun dira %12, 15 puntu galduz, 1977 inguruan, eta hemen dago Iparraldeko euskaldungoaren zilo beltza. Aldiz belaunaldi erdaldundu honetan gazteak euskaldun dira  %19 eta haurrek eskolan euskara ikasten dute %38k  ikastoletan edo ikasgela elebidunetan eta %45ek ama-eskoletan.  

Laburbilduz, Iparraldean 30 adin-taldeak kontuan hartuz, ageri da ehunekotan euskaldungoa jautsi dela 1929 eta 1976 artean %36tik %11 arte, 50 urtez 25 puntu galduz (urtero puntu erdi bat bana beste). 1981ean kurba gorantz abiatu da, 15 urtez %7 irabaziz (urtero puntu erdi bat bataz beste). Hots gaur egun, 16-24 urtekoen %19arekin, 1964ko heinean gara eta gorapenerako bidean.

Baxenabarre-Zuberoko euskaldungoaren kurba gorena da ehunekotan baita. Kurba hau gain behera doa, ziztu bizian, orain gainbehera gelditua delarik. Lapurdi barnearen kurba Iparraldearen heinekoa da euskaldunen kopuruari esker. BAB hirigunean euskararen kurba apal dago %10ez petik,  aitzinamendu ttipi bat erakutsiz halere.


Euskaldunen hizkuntza trebetasuna

Hemen euskaldunen gaitasun erlatiboa lantzen dugu. Euskaldunak 3 sailetan bana daitezke, euskararen eta frantsesaren  erabiltzeko duten errextasuna edo trebetasuna kontuan hartuz.
- euskal elebidunek euskaraz errazago hitz egiten dute (E > F);
- elebidun orekatuek errextasun berdina dute bi hizkuntzetan (E = F);  
- erdal elebidunek frantsesez erretxago hitz egiten dute (E < F).

Gaitasun erlatiboaren proportzioak ikusiz, ohargarri da duela 20 urte hiru elebitasunak berdintsu zirela: euskal elebidunak %34, elebidun orekatuak %32 eta erdal elebidunak %34. Orain euskal elebidunak 13 puntuz gutitu dira. Elebidun orekatuek 6 puntu irabazi dituzte eta frantsesez trebeago direnak %7 gehiago dira. Hemen euskararen erabilera auzian dago zeren eta mintzatzerakoan elebidunak hobekienik dakien hizkuntza erabiltzen baitu.

 

Zer agertzen da adin multzo bakoitzean ? Orotan elebitasun orekatua da nagusi, bereziki 35-49 urtekoetan, %50. Zaharrenetan aurkitzen da euskarari buruzko erraztasun handiena, %31. Gero erraztasun hori laster ttipitzen da, berehala 9 punduz eta gero hiztuna gazteago eta erraztasuna ahulago da.

Alderantziz hiztunak gazteago eta frantsesa erretxago zeie, %37entzat zaharrenetan, %64entzat gazteenetan. 16–24 urtekoetan euskalduntasuna aitzinatu da, baina elebidun orekatuak 13 punduz gutitu dira eta erdal elebidunak 13 punduz emendatu, 25-34 urtekoei konparatuz ! Kantitatean irabazi dutena ez lukete hizkuntzaren kalitatean galdu behar.