Kronika
 
Maitasunaren bide korapilatsua

IRITZIA- Maitaitasuna eta harreman bereziei buruz hausnartu du Eleka saileko kolaboratzaile berria den Xermin Camblongek. Horretarako, hainbat filosofoen teoriak gogora ekarri ditu gazteak.

Xermin CAMBLONG|2017/09/27 16:15|0 iruzkin
Fotoefectos
Xermin Camblong iruditan.

Ber sailean Odei Barroso-k harremanetaz gogoetatu zuen. Gaur, bide beretik arituko natzaio, maitasuna den harreman bereziari buruzko eztabaida idekitzen saiatuz.



Literaturaren objektua izan bada luzaz, maitasuna berriz datorkio emeki-emeki metafisikariari. Konzeptua oso delikatua izanik ere, ez da baitezpada debekatua. Platonen laranjaren teoria sinplifikatuegia baztertuz hastapenetik, ea zer ikasi dezakegun maitasunari buruz filosofoari esker.



Francis Wolffek– Parisen emandako mintzaldi batean – definitzen du maitasuna hiru irizpidiren uztartzea bezala : adiskidetasuna, desioa eta pasioarena, hain zuzen. Irakasle horrentzat, hiruen arteko harmoniak harreman "orekatuena" irudikatzen duelarik.



Irudika ezazue orduan, hiruki bat. Maitasunaren hirukia. Hiruki horren goi-erpin bakoitza, aipatutako konponente batez osatua; pasioa, desioa, laguntasuna. Triangeluaren erdian kokaturiko pundua litzatekelarik, filosofoaren arabera beti, maitasun "perfektuaren" prototipoa.



Maitasunaren triangeluaren ondorioak



Behin maitasuna ezagutu duen edonork zilegitasun osoz teoria gaitzetsiko du, errealitatea eskema sinplifikatu horretatik kilometroetara dela nabarmenduz. Kritika onartuko dio filosofoak, triangeluko perimetroan kokaturiko punduak, maitasun posibilitateak bezain ugariak direla erantzunez. Bikote harreman guziek haien berezitasunak onartzen dituztelako, eta ez delako arraroa, irizpide bat besteengan nagusitzea. Bistan dena gerta daitezkeela ere – eta hirukiaren bazterrek irudikatzen dute hori – pasiozko adiskidetasunak, desioaren inarrik gabe. Etnozentrismo hutsez, Xalbador eta Trekuren arteko maitasun platonikoa, adibidez. Sexuzko laguntasunak ere existitzen dira , sexu harremanetan mugatzen direnak bi jolaskideak gaindikatuz. Azkenik, nola ez aipatu harremanak non adiskidetasunaren konplizitatea agortzera joan den, "eros"ko pasioak bi bikotekideak sufriaraztera bultzatu dituelarik; "zurekin ezin naiz gehiago bizi, alta, zu gabe ere ez" esaldiak laburbildu dezakena.



Seguruena da irizpide bat independenteki hartua ez dela aski maitasunaren definitzeko. Adiskidetasunak eta maitasunak antzekotasunak badituzte. Bestearengan proeiktatzen gira, bestea uros izaten entseatzen gira eta bestea laguntzeko prest egoten, bestea nolabait guhaur bilakatzeraino. Alderantziz, besteari esker, guhaur ere libreki izan gaitezkelako. Alabaina, adiskidetasuna ez da maitasuna, irrika eta pasiorik gabe, behintzat. Desioa ere insufisientea da, gainean aipatutako sentimendu gabeko sexu harreman xumeek ondorioztatzen duten gisara. Azkenik, Pasioa ere, insufisientea litzatekelarik, pentsa gorrotozko pasioei, alkola edo droga toxikomano batentzat...



Libreki eta baldintzarik gabe maitatu gaitezen



Interesgarriena maitasunaren bidea aztertzea dela iduritzen zait. Bide horiek enpirikoak dira, eta bakotxari dagokio bere harremanaren bidea definitzea, edo subjektu izatea. Pertsonalki, desioak eta ondoren pasioak koloreztatutako adiskidetasun sakon bat maitasun bilakatzearen subjektu eta aktore uros izan nintzen. Hastepeneko zutabe inportanteena zen adiskidetasuna hauskor bilakatu arte, pasioaren presiopean...



Zentzu horretan, pasioak atenzione berezia merezi duela uste dut; bikote baten intentsitate-neurri. Alta, paradoxalki, pasioak arrazoinamendua alienatzen dizu, ez zira gehiago zure buruaren jabe bakarra. Sentimendu horrek jaten zaitu, itsutzen zaitu. Sufrikario bat, jasaten duzun egoera eta hutsune bat, bestearen presentzian osoki ase ezin dena, eta bestearen faltan lasaitu ere ez. Lanjerak ugariak dira ; konfiantsa eskasa, jeloskortasuna, beldurra.. Fusionatzearen esperantza ezinezkoa (Aristophanen mitoan elikatua), zure pasioaren subjektua zure jabetasuna bilakatzearen enbeia egoistarekin batera datorrena...



Jean Paul Sartre-k "l'être est le néant"  liburuan kontraerrana azpimarratu zuen : Besteari esker baldin banaiz, zendako saiatzen naiz bestea nere egiten, besteari esker soilik eta bestea bera delarik -aske-, errealizatzen banaiz?
Hegel-en desioaren teoria luzatuz, Sartrek erakusten zuen bestea gure egiten saiatzean, gure hutsunea betetzean, gure nahia kontsumitzen dugula. Orduan, desiratu behar dena "ez dena" da. Ez duzu bikotekidea desiratzen, bere desio eta nahi libreak baizik, kontsumitu ezina dena. Sinplifikatuz...



Aitortzen dizuet, Schopenaueren teoriarekin - desioa naturaren tranpa besterik ez dela erreproduzitu gaitezen-, buruhauste gutiago badela... (baina erabat "manifpourtous"..)

Bide horretan, Simone de beauvoir eta Sartre-k habitus-ak apurtu zituzten poliamodioa entseatuz. Bi existentzialistek adostu zuten haien arteko "maitasun beharrezko"-tik at ukan zitzaketela "maitasun kontigenteak". Askatasun oso bat, gezurraren debekuaz mugatua bakarrik. Ez zuten elgarrekin bukatu, baina izan zutena indartsua, eredugarria eta interesgarria izan zela ukaezina da. Eta funtsean, hoberena zer da, hiruzpalau urteko maitasun intentso/libre bat ala hogei urteko harreman aspergarri/lotu bat? 

 
Gurea, triangelutik kanpo kokatzen bada orain, agian egun batez triangelura doan bidea berriz aurkituko dugu. Jakin ezazu anartean abiapunduan goitatzen zaitudala; adiskidetasunaren goi-erpinean.