Kazeta

Bere gidaritzapean ez litzatekeen herri prozesua defenditzen du ETAk

Kataluniako prozesua goraipatuz, horrek Euskal Euskal Herriarentzat utzi beharko lituzkeen "ikasgaiak" azpimarratu ditu erakundeak. Halako prozesu baten xedea "erabakitze eskubidea egikaritzea" dela dio. Haatik, datorren ziklo politikoan ETA ez dela eragile nagusietako bat izanen argi du.

Baionan iragandako Gudari Egunaren irudia. (Bob EDME)
Baionan iragandako Gudari Egunaren irudia. (Bob EDME)

Ohikoa den bezala, Gudari Egunaren karietara, agiri berri bat plazaratu du ETAk. "Bidean galdutako burkide eta minkide" guztiak gogora ekarri ondoren, Kataluniak jasan dituen erasoei aipu eginez, "78ko erregimenaren zartadurak agerikoak" direla uste du erakundeak. Hain zuzen, katalanen prozesuak Euskal Herriarentzat "ikasgai asko utzi beharko" lituzkeela pentsatzen du.

"Arlo, eremu eta fronte ezberdinetan aritutako kideak" omendu ditu ETAk. "Txabi Etxebarrietatik Kepa del Hoyora, guzti-guztiek egindako lana eta borroka gogorarazi nahi ditugu 2017ko Gudari Egunean". Gisa berean, erakundeari laguntza eman dioten "milaka herritarren ekarpena" goraipatu du.

Kataluniako prozesua dela eta, 78ko erregimenaren "benetako oinarriak" agerian utzi dituztela aipatu du, hau da, "inposizioa, menpekotasuna eta zapalkuntza". Azken asteetan Katalunian gertatutakoa gogora ekarriz, "herri borondatea galarazteko indar armatua erabili" dutela dio; "herri ordezkarien kontra jo dute eta Kataluniako autonomiaren apurrak hankaz gora jarri dituzte".

"Estatu espainola herrien kartzela da, eta halaxe agertu da Katalan Herrien nazio nortasuna ukatzeko. Estatu espainola demokraziarentzat ere kartzela bihurtu da, katalanen eskubideak zangopilatu baititu. Eskubide zibil eta politikoak daude berriro auzitan. Ez dute horiek urratzeko borroka armatuaren aitzakiarik behar izan. Garai bateko «indarkeriarik gabe dena posible da» lelo hura gezur hutsa zela egiaztatu dugu".

Euskal Herriarentzat ikasgaiak

EAJren jarrera "penagarria" eta "negargarria" dela uste du ETAk. "Amorragarriagoa" iruditzen zaio "Euskal Herrian eztabaida politikoa ez pizteko eta berezko prozesu bat ez abiarazteko zenbait egiten ari den ahalegina".

Halako prozesu batean "herria eta herritarrak protagonistak izan behar direla dio. "Hautabide independentista indartzeko soilik bide zibil eta demokratikoetatik abiarazi behar da prozesua". Halaber, prozesuak eta horren karietara iraganen diren ekimenek "erabakitze eskubidearen onarpena lortzea baino gehiago, erabakitze eskubidea egikaritzea izan behar dutela helburu".

Agiriaren bukaeran, ETAk azpimarratu duenez, plazaratutako azterketa ez du "behar-beharrezkoa den herri prozesua gerora gidatzeko, bermatzeko edo epaitzeko asmoarekin" egin. "ETAk ondo baino hobeto dakielako datorren ziklo politikoan gure erakundea ez dela eragile nagusietako bat izango". Azkenik, "Euskal Herriaren eta askatasunaren alde" engaiatzeko deia luzatu die ezkerreko independentista guztiei.